Herriko txokoak auzolanean garbitzera deitu dute
Herriko txokoetan agertzen diren hondakinek sortutako kezkak batu ditu Bazterrak Txukuntzen herritar taldea eta Oiartzungo Udala.
Herriko hainbat txokotan botata agertzen diren hondakin eta zikinkeriarekiko kezkak batu ditu Bazterrak Txukuntzen izeneko herritar taldea eta Oiartzungo Udala.
Horregatik, auzoak auzolanean garbitzeko deialdiak egin dituzte, hilaren 27tik hasita. Argi dute irtenbidea ez dela hondakinak biltzea. “Helburua herritarrak hondakin horiek sortzen dituzten ondorioez ohartu eta gure bazterrak gehiago ez zikintzea da”, azaldu dute.
Auzoz auzo elkartuko dira, eta bakoitza aztertu ondoren, zikin dauden guneak garbituko dituzte elkarrekin. Lehenengo saioa datorren igandean izango da, Elizalde auzoan. Herritar guztiei zabaldu diete deialdia, heldu zein gazte. Hilero auzo batean lanean aritzera deitu dute.
“Guztion artean edozein bazterretan botatako hondakinen eta zikinkeriaren arazoaren sozializazioan eta sentsibilizazioan eragin nahi dugu. Horregatik, herritar guztiei dei egiten dizuegu parte hartzera”, adierazi dute iniziatibaren sustatzaileek.
Bazterrak Txukuntzen. Egitaraua.
- Martxoak 27: Elizalde.
- Apirilak 24: Gurutze.
- Maiatzak 15: Karrika.
- Ekainak 19: Ergoien.
- Uztailak 17: Altzibar.
- Irailak 18: Iturriotz.
- Urriak 16: Ugaldetxo.
- Azaroak 20: Arragua.