Gertatutakoa ez ahazteko ekitaldia
Frankismoak errepresaliatutako maisu-maistrei omenaldia egin diete, Lezoko Udalaren Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldearen ekimenez.
Frankismoak zigortutako Lezoko maisu-maistrei omenaldia egin zioten atzo Lezoko Herri Eskolaren atarian. Antonia Altuna, Victoria Igarzabal, Jose Las Heras, Mª Paz Ovejero, Ricardo Fernandez eta Miren Gezala izan ziren omenduak. Azken horren senideek eta Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak estalgabetu zuten errepresaliatu horien omenez eskola aurrean eraiki den monolitoa.
Ondoren, aurreskua dantzatu zuten, eta herriko abesbatzak kanta bi abestu zituen. Udalak eta Etxetxok antolatutako ekitaldian Iñaki Labakak ere abestu zuen. Ia berrogeita hamar minutuz luzatu zen ekitaldian hainbat eragiletako kideek hartu zuten hitza. Denek gogoan izan zituzten errepresaliatuak, eta haiek egindakoa goraipatu zuten.
Haurrak elkartasunean eta balore demokratikoetan hezteagatik frankismoak maisu-maistra horiek zigortu zituela gogorarazi zuten atzo. Batzuk euskaraz irakasteagatik ere izan ziren zigortuak. Beste batzuk erbesteratu ziren. Diktadurak maistrak jomugan izan zituela gogoratu zuten atzo hitza hartu zuten guztiek, eta emakumeei aipamen berezi bat egin nahi izan zieten. Izan ere, emakumeek bi aldetatik jasan behar izan zituzten frankismoaren erasoak. Pertsona horiek egindako sakrifizioa ez ahazteko eskatu zuten antolatzaileek.
Ekitaldira udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak gerturatu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendari den Ion Gambrak, eta Gipuzkoako Hezkuntza delegatu Amaia Urzelaik ere parte hartu zuten.

