[Elkarrizketa] "Erretiroa hartzeko adina daukat, baina ez dut utzi nahi, gustura nago"
Labore Oarsoren Amalur Sariaren lehen omendua izan da ekoizle errenteriarra. Gustu handiz hartu du, eta baikor baloratu du sari hori sortu izana. Bere ibilbideaz mintzatu, eta baserriaren bilakaeraz kezkati azaldu da.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/04/maixabel-arretxe.jpg)
Labore Oarsoren Amalur Saria jaso duen lehena izan zara. Zer suposatu du zuretzako horrelako sari bat jasotzea, zure ibilbidea goraipatzen duena?
Oso gustura sentitu nintzen nire ibilbidea aitortzeko saria eman zidatenean, oso kontent nago.
Nola baloratzen duzu emakume ekoizleen lana aitortzen duen sari bat sortu izana?
Oso ondo baloratzen dut. Beti diot ez naizela baserrikoa; kalekoa naiz. Oso kontent nago egin didaten errekonozimenduarekin, baina badira emakume baserritar asko bertan jaio eta hezi direnak, eta sari hori ere merezi dutenak. Nik baserrian aritzen ikasi nuen, baina emakume horiek bizitza osoa eman dute bertan. Saria lortzea sorpresa izan da niretzat, baina gurekin gogorarazi izanak poztu nau, ikusi da esfortzuak merezi duela.
Nola hasi zinen ekoizleen munduan?
Nire senarra langabezian geratu zen. Hark baratzea gustuko zuen, eta Oiartzunen lursail bat hartu genuen. Pixkanaka mundu horretan sartzen hasi nintzen. Gu Galtzarabordan bizi ginen, eta auzoko dendei eskaintzen nizkien gure produktuak. Pixkanaka produktu gehiago ekoizten hasi ginen, eta horrekin batera, azokan hasi nintzen.
Plazan asko saltzen zuen emakume bat zegoen, eta hark produktuak erosten zizkigun. Hor ikusi nuen nik ere azokan saltzen egon nahi nuela. Senarrak esan zidan ea zer salduko nuen, eta nik erantzun nion behintzat saiatuko nintzela. Hasieran galdua sentitu nintzen, baina herrikoa naizenez, jendeak ezagutzen ninduen, eta errazagoa izan zen egokitzea. Nire pentsamendua ez zen barazki ekoizle izatea, baina gutxika ikasten joan nintzen, eta konturatzerako barruan nintzen. Erretiroa hartzeko adina daukat, baina ez dut azoka utzi nahi, oso gustura nago bertan.
Zenbat denbora daramazu azokan zure produktuak saltzen? Aldaketak sumatu dituzu hasi zinenetik?
30 urte dira azokan hasi nintzela, eta bertan dihardut. 30 urte horietan aldaketa asko izan dira. Garai batean baserritar gehiago etortzen ziren plazara, baina orain gutxiago datoz. Horrez gain, klima dela eta, hemen ez dugu generoa urte osoan eskaintzeko aukerarik. Ekoizle askok kanpotik erosten dituzte produktuak, eta urte osoan eskaintzen dituzte. Guk ez dugu hori egiten, guk beti guk ekoitzitako gauzak saltzen ditugu. Hori dela eta, hiru hilabetez ez gara plazara joaten, generorik ez dagoelako. Aste Santua pasatakoan itzuliko gara berriro, abendua bitarte.
Nolakoa da gaur egun baserritarra izatea?
Baserritar askok erretiroa hartua dute dagoeneko, eta baserri mundua hilda dago, hori da nik inguruan ikusten dudana. Lan zail eta sakrifikatua da, eta jendeak ez du familiako baserriarekin jarraitu nahi. Horrez gain, gazteek ez dute mundu honetan sartzeko aukerarik. Gu hasi ginenean garai ona harrapatu genuen baserrira dedikatzeko, baina orain traba asko daude baserritarren proiektuak aurrera eramateko.