[Elkarrizketa] "Lezoar guztiei eskerrak eman nahi dizkiet eman didaten tratuagatik"
48 urtez Donibane kaleko farmazian lanean izan da Maite Pozo. Gazte-gazte zela hasi zen bertan jardunean. Botika saltzaile izateaz harago, lezoarrekin izandako harremana goretsi du, eta eskerrak eman dizkie.
15 urte bete berri zituela hasi zen lanean Maite Pozo Arteagabeitia Donibane kaleko botikan. Otsailean hartu zuen erretiroa, bertan 48 urtez lanean izan ondoren. Lekeitiokoa jaiotzez izanik, eta egun Oiartzunen bizi den arren, Lezorekin lotura oso indartsua du Pozok. Azken 48 urteetan haiekin izan da, mostradore atzean eta botikak saltzen, nahiz hitz egiteko beharra zutenei laguntza ematen.
Botikan hasi aurretik, gazte-gazte zinela hasi zinen lanean. Nolatan?
Miren Gezalaren akademian ikasten nuen. Orduan, Mirenek nire amari esan zion ondo nenbilela akademian, eta ea Pasaiako tailer batean praktikak egin nahi nituen. Nominak, paperak eta bestelakoak egiten hasi nintzen, Gardisa enpresa zen, plastikoko injekzioan lan egiten zuena. Goizetan Gardisara nindoan, eta arratsaldetan akademiara. Han nintzela, esan zidaten ea makina batean piezak egiten hasi nahi nuen, pare bat orduz; makinan hasi, baina istripua izan nuen, eskuan. Operazioa egin zidaten, eta igeltsua jarri. Lan hori utzi nuen.
Orduan sortu zen botikan lan egiteko aukera, ezta?
Hori da. Enpresa utzi, eta goizak libre izaten nituen. Orduan, Tereren aitak [Teresa Rodriguez Zarzueloren aitari buruz ari da, Donibane kaleko farmaziaren egungo nagusia da Tere] nire amari esan zion Errenterian zuten farmaziako langile bat ezkonduko zela, eta farmazia utziko zuela. ‘Aizu, Maria Teresa [Maiteren ama zen]. Zure alaba txukun ikusten dut etxeko lanak egiten igeltsu eta guzti. Zergatik ez diozu erosten bata bat, gurekin lanean hasteko?’, esan zion amari. Amak erantzun zion gazte-gaztea nintzela, eta beharbada farmazian lanean hasteko goiztxo zela. ‘Ikasiko du’, erantzun zion gizonak. Horrela hasi nintzen, eta 48 urte pasa dira…
Nola pasa zaizkizu urte hauek guztiak?
Hasieran, noski, zaila izan zen. Nire bizia oso lotua egon zen farmaziara, besteak beste, herrian bakarra zelako eta egunero-egunero zabaltzen genuelako, astelehenetik astelehenera. Gainera, farmaziaren jabeak gure bizilagunak ziren, eta jendea gauetan eta guzti joaten zen etxera botiken bila. Jabeak bigarren pisuan bizi ziren, gu lehenean. Gainera, nik etxean botikin antzekoa izaten nuen, oinarrizko botikekin. Izaten ziren egunak goizaldeko 02:00etan edo 03:00etan jendea horien eske joaten zela. Askotan esaten nien: ‘Zergatik ez zoazte bigarren pisura, farmaziaren jabearen etxera, botinen bila?’. Erantzuten zidaten bigarren pisukoak haserretzen zirela desorduetan joateagatik, eta nik harrera hobea egiten niela… Hau da, guardiako farmaziaren kontzeptua oso bestelakoa zen orduan. Asko aholku bila etortzen ziren; orain ia denek Interneten lortzen duten informazioarekin datoz farmaziara.
Botikari izanda, beharbada, esan ezinezko asko entzungo zenituen…
Hala da, bai. Herritarrak familia barruan esatera ausartzen ez ziren gauza asko entzuten genituen guk. Sekretuak. Bikoteetan, adibidez, izaten ziren bezeroak esaten zutenak senarrari ez ziotela esan haurdun ez gelditzeko pilulak hartzen zituenik… Tereren amak, Carmenek, esku oso ona zuen herritarrekin, harreman profesionala baina goxoa. Aholkuak ematen zizkien herritarrei, ez zen mugatzen botikak saltzera. Eta lezoarrek euren arazoak kontatzeko joera zuten.
Ofizioa asko aldatuko zen urte hauetan guztietan.
Asko, bai. Lezo herri txikia da, eta garai batean bezala, ia jende guztia ezagutzen dugu, eta harreman ona dugu. Baina den-dena aldatzen ari da. Lehen familia batean arazoak zeudenean, askotan, guri esaten zizkiguten. Esan daiteke botika bat baino gehiago ginela, konfiantzazko toki bat. Baina orain ez da horrela.
Eta ordenadoreak iritsi ziren…
Lehen ia dena buruz egiten genuen, eta telefono finkoarekin. Hemen izan genuen lehen makina, kodeak sartzeko eta eskaerak egiteko balio zuena, duela 25 bat urte iritsi zen, pentsa.
Azken bi urteak pandemiarekin izan zarete lanean. Nolakoak izan dira?
Gogorrak. Ordu asko sartu ditugu, buruhauste askorekin… Hona jendea oso apuratua zetorren, ezjakintasun handiarekin, ziur zer egin ez zekitela. Pasatu dela dirudi, eta ea hala den.
Nolakoak dira lezoarrak?
Lehenik eta behin, lezoar guztiei eskerrak eman nahi dizkiet eman didaten tratuagatik. Jende ona da Lezokoa. Noski, toki guztietan egoskorren bat izaten da, baina… Lekeitiotik hona 12 urterekin etorri nintzen, gero Oiartzunera bizitzera joan nintzen, baina Lezorekin eta lezoarrekin dudan harremana sekulakoa da. Lagunak ditut hemen, koinatuak hemen bizi dira [senarra lezoarra du]. Lekittarrekin badute ezberdintasun bat: haiek itxiagoak dira. Hemen beste mota bateko jendea bizi da, irekiagoa.
Zer egiten duzu orain?
Pintatzea gustuko dut, pilatesen aritzen naiz, bilobarekin izaten naiz… Lasai bizi naiz. Batzuetan ematen dit inpresioa denbora galtzen dudala; lehen beti egiteko zehatzak nituen, eta oraingo lasaitasunarekin iruditzen zait denbora galtzen dudala. Ibiltzea oso gustuko dut, eta udaberria hasi dela gehiagotan aterako gara. Bidaiatzea ere oso gustuko dut, mundua ezagutzea.
