Herriko hizkuntza aniztasunaren mapa osatu dute
Errenteria-Oreretako hizkuntza aniztasuna kudeatu ahal izateko eta urratsak ematen jarraitzeko, Soziolinguistika Klusterrak udalerriko mapa osatu du.
Errenteriako Udalak, hizkuntza politikan urratsak ematen jarraitzeko, herriko hizkuntza aniztasunaren mapa osatzea erabaki zuen 2021ean. Ikerketa hori egiteko, Soziolinguistika Klusterrari eskatu zion laguntza, eta gaur goizean eginiko agerraldian, Itziar Ostolaza Udal Hizkuntza Politika zinegotziak, Jose Ramon Gurrutxaga Kultura aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak, eta Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak proiektuaren datu zehatzak eskaini dituzte.
Egitasmo horren helburua da hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia egiteko lagungarri izango den ezagutzan sakontzea. Ostolazak aipatu du herria anitza dela, eta jakinik hizkuntza aniztasuna herriko aberastasuna ere badela, erronka dela hizkuntza aniztasuna ondoen kudeatu ahal izatea.
Horrez gain Gurrutxagak nabarmendu du aspaldiko erronka zela hizkuntza mapa hori osatzea: “Ez genuen soilik jakin nahi zenbat hizkuntza dauden herrian, baizik eta non kokatuak dauden, hizkuntza horietara gerturatzeko eta hartu eman hori zuzenagoa izateko. Gainera, gure hizkuntza balorean jartzeko, besteena ere balorean jarri behar da, horregatik, pausu garrantzitsua eman dugula uste dut”.
Gaur egungo azterketek bi hizkuntza ofizialeri egiten diete erreferentzia, hau da, euskarari eta gaztelaniari. Gainerako hizkuntzak ez dira kontuan hartzen, ez baitago datuak jasotzeko protokolo zehatz eta formalik. Hori dela eta, Hizkuntza Aniztasunaren Mapa hori osatzeko, Errenteria-Oreretako biztanleriaren jatorriaren azterketa egin da, udalerriaren erroldan izena eman dutenen datuak kontuan hartuta. Jatorriaren araberako azterketa egin da, hipotesi mailan hizkuntza errealitatera hurbiltzeko lagungarri izango dena.
Datu esanguratsuenak
Azterketa lan horretan datu esanguratsuak eskuratu direla zehaztu dute. Esaterako, jatorri atzerritarreko biztanleriaren %87a hogei jatorri estatutik dator, eta horietako hamar hizkuntzen baino gehiagok 50 hiztun baino gehiago dituzte udalerrian. Badira beste 65 jatorri estatutako hiztunak, biztanleria migratzailearen %12,9a. Datu horiek kontuan hartuta, 70 hizkuntza inguruk dute presentzia Errenteria-Oreretan.
Hizkuntza aniztasunaz gain, hiztun komunitate handienak Herriko auzoetan hartzen duten kokapena ere aztertu da. Azterketa horiekin, hizkuntza guztiei aitortza egin nahi izan zaiela baietsi dute, eta euskara erdigunean dugularik, bizikidetza egoki batean sakondu nahi da.
Errenteria-Oreretako hizkuntza aniztasunaren maparen txosten osoa esteka honetan eskura daiteke.