Motora hartzean pasaitarrei lehentasuna emateko eskatu du EH Bilduk
Zerbitzua Mugi sisteman txertatzeko atzerapena salatzeaz gain, bertakoak lehenetsi eta pantalanak berritzeko ere galdegin du koalizioak.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ebazpena onartu eta bost hilabetera lehen salaketa publikoa egin zuten pasaiako bilkideek bide horretan pausorik eman ez izana gaitzesteko, Rafaela Romero Lurralde Antolamenduko diputatua zuzenean seinalatuz “ezer ez” egin izanagatik horren alde. Aste honetan berriro adierazpen publikoa egin du EH Bilduk “justifikatu gabeko atzerapena” arbuiatzeko.
Inplikatutako instituzioak -Pasaiako Portu Agintaritza eta Diputazioa- zuzenean itaundu dituzte: “Lehenbailehen proposamenak martxan jartzeko eskatu nahi diegu”. Aste Santuaren atarian iniziatiba are eta beharrezkoa dela uste du oposizioko indar nagusiak, bisitariengatik “ilara luzeak” sor daitezkeelako Donibane eta San Pedroko ontziralekuetan.
‘Pasa txartela’
Testuinguru horretan, Pasaiako bizilagunek -nahiz udalerrian lan egiten dutenek- balizko ilara horiek ekidin ahal izateko neurri politikoak hartzeko galdegin die EH Bilduk udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJri. Horretarako, zerbitzuaren kudeaketaren arduradun den enpresarekin pasa txartela izeneko agiri bat sortzeko ideia jarri dute mahai gainean. “Egingarria da eta borondate kontua besterik ez da”.
Ildo horretan, EH Bilduk proposamen bat erregistratuko du hil honetako udalbatzarrerako, Mugi tarifak merkatu eta deskontu tarte berria sortzea eskatzeko. “Honi esker”, aurreratu dute, “Mugiaren erabiltzaileek garraio publikoa are merkeago izango lukete eta honen erabilera sustatuko litzateke”.
Pantalanen egoera “tamalgarria”
Salaketa publikoa probestu du herrian ordezkaritza nagusia duen alderdiak motorako pantalanen mantenuagatik kezka adierazteko: “Egoera tamalgarrian daude, oxidoz beteta eta irristakor”. Egun euritsuetan edo itsasbehera dagoenean pasaleku horiek “bereziki arriskutsuak” bihurtzen direla ere esan dute; hortaz, zerbitzuaren arduradun den Pasaiako Portu Agintaritzari eskatu diote horiek lehenbailehen aldatzeko. “Ezin dugu itxaron atsekaberen bat gertatu arte”.