Donibaneko komun publikoak berriz ireki dituzte
Bonantza parean bi komun berri jarri dituzte, eta Alabortzako kantina ondokoaren arazo teknikoak konpondu.
Bonantzako eliza parean automatikoki garbitzen diren bi komun berri irekiko dituzte bihar. Bestalde, berriz ere ireki zuten astelehenean Alabortzako kantinako komuna.
Obretan 103.000 euroko inbertsioa egin dutela jakinarazi du udalak. Lokal berriak bi komun eta bi pixaleku dituela zehaztu dute eta horietan pertsiana antibandalikoa ezarri dutela.
Ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 23.00etara. Ixteko ordua denean sistemak soinudun abisu bat emango duela azaldu dute, eta barruan geratuz gero, Udaltzaingoak pertsiana irekitzeko giltzak izango dituela esan dute.
Alabortzako kantinako komunak itxita egon dira enpresa hornitzaileak arazo tekniko batzuei aurre egin behar zielako. Azkenik, Pasaiako Udalak egindako kudeaketen ondoren irekiko dela berririo diote. “Bonantzako komun berriak irekita eta Alabortzako kantinako komuna berriro irekita, guztiak automatikoki garbitzen direnez, pasaitar eta bisitari guztiek jasotzen duten zerbitzuak hobera egingo du”.
Izaskun Gomez alkateak azken asteetan Donibaneko komun publikoen aurka izandako ekintzak arbuiatu ditu, eta jokabide hauek zigortzeko zaintza indartuko duela ohartarazi du: “Bandalismoa eta udal altzarien txikizioa kalte larria da pasaitarrentzat, gutxiengo baten gizalegearen aurkako portaerak eraginda”.
Izan ere, Alabortzako komuna martxan jarri eta hamar minututara “ekintza bandalikoa” jasan zuela esan du udalak, “kanpoan pintadak egin ziren”. Hala ere, barrukoak ez zuela inolako kalterik jasan jakinarazi dute ere.