Xanistebanak iragartzeko kartel bila dabil udala
Martxan da aurtengo jaiak iragartzeko kartel lehiaketa. Maiatzaren 31a izango da proposamenak bidaltzeko azken eguna.
Aurten bai, festak eztanda egingo du abuztu hasieran, xanistebanak ohiko moduan ospatuko baitituzte oiartzuarrek. Aurtengo jaiak iragartzeko kartel lehiaketa abiatu du udalak, maiatzaren 31era bitarte lanak bidali daitezkeela jakinarazi berri dute.
Ondorengoak dira deialdiaren oinarriak:
- Kartelaren neurria 70 x 50 zentimetrokoa izango da.
- Erabili daitekeen teknika librea izango da, eta kartelean derrigorrez “XANISTEBANAK 2022” agertu beharko du.
- Lehiaketan edonork parte har dezake eta bakoitzak kartel original bat baino gehiago aurkez dezake.
- Lanak “karton pluma” edo kartulina gogorreko euskarrian entregatu beharko dira eta inprimatzeko modukoak izango dira.
- Lehiaketa honen irabazleak 600 euroko saria jasoko du.
-
Lehiaketako lehen oiartzuarrak aldiz, 300 euroko akzesita jasoko du.
-
50 euroko laguntza jasoko dute sariturik gabeko beste bi lan original onenek.
-
Azkenik, “Oiartzungo haur eta gaztetxoen lanak sustatzeko” asmoz, 100TZE SORMEN ESPAZIOko urtebeteko doako matrikula ere emango dute saritzat.