[Erreportajea] Edukiz betetako Milimetroak egingo dute asteartean
Oarsoaldeko ikastoletako DBH4ko ikasleek nahiz Ibarrako Uzturpe Ikastolakoek egun osoko jarduera egingo dute herrian. Kilometroen eredu berriaren emaitza da Milimetroak egitasmoa.
Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen jaialdi nagusia da Kilometroak. Ikastolen alde egiten den egitasmoa egun bakar batean zentratzen da, urriko lehen igandean. Horren harira, elkartean hausnarketa egin dutela baieztatu du Anjel Mari Elkano Orereta Ikastolako Lehen Hezkuntzako zuzendariak: «Jaialdi guztia eta esfortzu guztiak egun bakarrera mugatzeak arriskuak baitakartza». Beraz, Kilometroen egun handia mantentzeaz gain, urtean zehar beste zenbait egitasmo egitea egokitzat jo zuten. Dena egun batera mugatu beharrean, urte osorako jauzia ematea, alegia. Jauzi horren emaitza dira Milimetroak. Oarsoaldeko Milimetroak hilaren 26an (asteartea) egingo dute Errenteria-Oreretan.
Elkanok eutsi du Oarsoaldean 2020an hasi zirela eredu berri horren antolaketarekin, baina COVID-19ak errotik zapuztu zituen asmo horiek. Orain, baina, Milimetroen eredu hori indarrean jarri nahi da: «Nahi duguna da Gipuzkoako ikastola guztiek eskualdeka urtero zerbait antolatzea, hori da gure erronka».
Aurten bi eskualdetan egingo dira Milimetroak. Horietako bat Tolosaldean izango da, maiatzaren 20an, Ibarrako Uzturpe Ikastolak antolatuko baititu aurtengo Kilometroak. Bestea, berriz, Oarsoaldekoa da. Eskualdeko hiru ikastolek (Orereta Ikastolak, Haurtzaro Ikastolak eta Pasaia-Lezo Lizeoak) antolatu dute, Ibarrako Uzturperekin batera.
Astearteko datak esanahi berezia du. Gernika bonbardatu zuteneko 85. urteurrena da. «Egokia izan daiteke gure ikasleak protagonista izanik egun horretan gertatutakoa gogoraztea, eta batez ere, munduan gertatzen ari dena islatuz, aldarrikatzea mundu berri bat eraikitzea posible dela», nabarmendu du Elkanok. Hala, Milimetroen egunerako, Herriaren eta herritarren burujabetza leloa erabiliko dute, horren gaineko lanketa egingo dutelarik. «Etorkizuna eta justizia soziala herriaren eta herritarren burujabetzan daude», aipatu du Elkanok.
Antolaketa prozesua
Jorratu nahi zuten gaia zehaztuta, eguneko egitaraua antolatzeari ekin zioten. Elkanok nabarmendu du «oso prozesu polita» izan dela: «Lau ikastolak elkarren artean koordinatu gara, plastikako irakasleek koordinazio bilerak egin dituzte eta ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan dute. Prozesuak berak merezi izan du elkar ezagutza horretatik».
Hilaren 26ko 10:00ak aldera, DBH 4ko 100 ikaslek, 25 ikastola bakoitzetik (Uzturpekoak ere bertan izango dira), Picassoren Gernika artelanaren bertsio bat egingo dute Linon. Ondoren, Jautarkol plazara eramango dute goizak eman duenaren gogoetak plazaratzeko.
Arratsaldeko saioan ere ikasleak izango dira protagonista, eta musika eta antzerkia uztartzen dituen bost minutuko saio bat prestatu dute. Horrez gain, arratsaldeko jarduerak herriko eragileekin batera antolatu dituztela azaldu du Elkanok: Xenpelar Bertso Eskola, Herri Arte Eskola, Kukai, Haritzaren Itzala taldea eta Mikel Urdangarin egongo dira.
«Helburua da euskaraz biziz eta euskaraz gozatuz, Euskal Herriko historia eta memoria lantzea. Ikasleak arraunlariak bezala jarri nahi ditugu: atzera begira aurrera eginez», zehaztu du Orereta Ikastolako kideak