[Galeria] XIX. mendeko itsasontzi militar baten erreplika, Pasaian
'La Recouvrance' goletak Pasaia Itsas Festibalean parte hartuko du. Ontzigintza tradizionaleko itsasontzi bretoirik handiena da.
La Recouvrance goletak Brestetik (Bretainia) Pasaiara nabigatuko du Pasaia Itsas Festibalean parte hartzeko maiatzaren 26tik 29ra. XIX. mendeko itsasontzi militar baten erreplika da.
Festibalaren inkorporazio berriena beltzez, berdez eta urrez apainduta ikusi ahalko dute badian ontzigintzaren maitaleek. 150 tona pisatzen ditu, eta 430 metro koadroko bela-azalerarekin nabigatzen du. Aisialdirako erabiltzen da barku mitikoaren erreplika.
La Recouvrancearen ideia 1990. urtean sortu zen, Bresteko biztanleen ekimen eta finantziaziotik, “Bateaux des Côtes de France” (Frantziako kostaldeetako ontziak) lehiaketarako. Ontzi militarraren erreplika bat egiteko ideiatik elkarte bat jaio zen, eta 1991n hasi zen goleta eraikitzen, Bresten kokatuta dagoen Malbert kaian.
Ontzi tradizionala
Tipologiari dagokionez, abisu-ontzi baten erreplika bat da. XIX. mendeko ontzi militarra, jatorriz posta urgentea garraiatzeko erabiltzen zen, merkataritza zaindu eta babesteko, eta Afrikako eta Antilletako kostaldeetan esklabo-salerosketa zigortzeko.