[Publirreportajea] Txokoz txoko euskara astintzeko
Pasaiako Euskararen II. Plan Estrategikoak bost arlo izango ditu ardatz datozen urteotan herrian euskara suspertzeko. Elkarguneak saretzeari ekiteko topaketa bat egin zuten hil hasieran eragileek.
Hilabeteak daramatza Bokalek, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Euskararen II. Plan Estrategikoa osatzeko lanetan, xede izanik udalerriko ahalik eta eragile gehien batzea euskarara. Taldeko kide dira euskararen normalizazioan lanean diharduten orotariko eragileak, Pasaiako euskaltegiak, ikastetxeak, merkatari elkartea, barrutietako euskara batzordeak, Kuadrillategi gazteen egitasmoa eta, ezinbestean, udala bera.
Orain arte diagnosia egitea izan dute lan mardulena; hots, Pasaian euskarak dituen gabezia nahiz indarguneak identifikatzea. Lanketa hori arloka eta barrutika egin da, bai eta galdetegi ireki bat zabalduz ere.
Hori guztia komunean jartzeko saio bateratua egitea izan da pausorik berriena. Horretarako, hil hasieran, planaren osaketan parte hartu zutenak -eragile nahiz norbanakoak- Donibaneko Kulturgunera gonbidatu zituen Bokalek, hain zuzen, herritar nahiz eragileen ahotik jasotako beharren laburpen bat egin eta hori osatzeko helburuz.
Bateratze saioa
Gonbidatu berezia izan zuten bilkura hartan: Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria aktibazio sozialaz mintzatu zen II. planaren garrantziaz hausnartzeko, eta mintzaldia bukatuta, gonbidatuak txokoka bildu ziren.
Txoko horietan Bokaleko kideek bertaratutakoei azaldu zieten datozen hamar urteetan Pasaian euskarari bultzada emateko zer arlo indartu behar diren. Jarraian agertzen diren bostak dira horiek. Horiekin bat, aipagarritzat jo zituzten arduradunek haur eta gazteekin eginiko saioetan mahai gainean jarritako kezkak, eta baita udalak, eredu izateko, eman beharreko urratsak ere.
ARLOKA
- Aisia eta kirola
Pasaiako aisiaren eta kirolaren alorrean identifikatu den erronka nagusia da haur eta nerabeekin jarduten duten elkarteek euskaraz «lasai» hitz egiteko guneak sortzea, bermatzea eta areagotzea.
Horretarako, Euskaraldia bezalako egitasmoak gako izan daitezke, baina funtsezkotzat jo dute eragileek horietatik kanpo ere urratsak egiten jarraitzea, hala nola, ikastetxe, guraso eta udalaren laguntzaz aisialdiko eta kiroletako hezitzaileek haur eta nerabeengan duten erreferente rola indartuz, «oso garrantzitsua baita».
Efektu hori lortu ahal izateko hezitzaileak euskaldunak izatea ezinbestekoa dela uste dute sustatzaileek: «Haur eta nerabeen aurrean euskara bultzatuko duten erreferente izan daitezen lagundu behar diegu. Hezitzaileak trebatu eta kontzientziatu egin behar ditugu jokatu behar duten paperaz jabetzeko».
Gaztetxoei haien gustuko aisialdiko eta kiroleko erreferente euskaldunak ezagutaraztea ere izango da aurrera eraman beharreko ekintzetako bat, «haien identitatea sendotzeko eta euskaraz gozatzeko».
- Lan-mundua
Pasaiako enpresen arteko elkargunea edo foroa sortzea eta dinamizatzea izango da desafio nagusietako bat; «horrela, elkarrekin egin ditzakegun pausoak zehaztea eta koordinatzea errazagoa izango da», iritzi diote Bokaletik.
Enpresen praktika onak erakustea eta balioa ematea izango da alor honen beste xedeetako bat, eta «ondo egindako lana» aitortzea, sari baten bidez, adibidez. Sortu nahi den elkargune horrek soinez soin aritzeko, elkar ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko balio dezan nahi dute.
- Merkataritza
Saltokietan, jendaurreko idatziak euskaraz egon daitezen ahalegin berezia egin beharko da datozen urteotan. Udalak eskaintzen duen itzulpen zerbitzua gehiago baliatzeko bideak landuko dituzte horretarako, teknologia berriak baliatuz. «Dirulaguntzetan sakonduko dugu», zehaztu dute, «eta establezimenduetako hornitzaileei bidaltzen dituzten publizitate —eta komunikazio— bitartekoak euskaraz egon daitezen eskatuko diegu».
Merkatarien lehen hitza euskaraz izan dadin ere garrantzizkotzat jo dute. Hori lortzeko, eta lehen agurra, gutxienez, euskaraz egiteko, sentiberatze-ekintzak egitea aurreikusi dute, bai eta trebakuntzarako baliabideak eskura jartzea ere.
- Helduen euskalduntzea
Euskaltegietan, matrikula ordaintzeko erraztasunetan sakontzen joatea da asmoa, kostu ekonomikoa ez dadin inorentzat galga izan.
Bestetik, ikastetxeekin elkarlana sendotu eta sareak sortzean ere jarriko dute indarra, «gurasoak baitira gure ikasle potentzial handia».
Euskaltegitik kanpoko eragileekin ere elkarlanean geroz eta gehiago aritu beharko da, bertako ikasleei erabilera espazioak eskaintzeko aisialdira begira ere.
Euskaltegiak «motor aktiboagoa» izan beharko dira. Alegia, euskara ikasteko akademia huts bihurtu ez daitezen ahalegindu beharko da.
- Hezkuntza
«Gurasoei helarazi behar diegu euskara ez dela ikastetxeetako kontua bakarrik», esan dute eragileek. «Gurasoekin ditugun bileretan eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz izateak duen garrantziaz jabetu daitezen eta eskaintza hori euskaraz izan dadin aktibatzen ahalegindu behar dugu».
Irakasleek ere trebatu beharko dute. Diskurtso berriak ezagutu eta bateratzea jo dute hartarako gako. «Gaitasun soziolinguistikoak gureganatu eta horiek ikasleei transmititzen ikasi beharko dugu», esan dute hezkuntza alorrekoek.
Dirulaguntza eta arnasguneak hartu dituzte ahotan hainbat gurasok: haur eta nerabeei eskola orduetatik kanpoko jarduerak eskaintzeagatik onurak jasotzen dituzten entitateak udalak zorrotzago kontrola ditzan galdegin dute.
Merkataritzari dagokionez, haur eta nerabeekin saltzaileek euskaraz egin dezaten sentiberatze-ekintzak martxan jartzea ere proposatu dute.
Gazteenek barrutietan jolaserako erabiltzen dituzten eremuak arnasgune bihurtzeko lanketa egitea izango da beste ekintzetako bat. «Bertan euskaraz oso ondo moldatzen ez diren gurasoek ere euskara lasaiago erabili eta babes-gune bat izan dezaten».
Azkenik, ikasleetan jarri beharko da fokua. Argi ondorioztatu da bai Ludoteketan eta baita Gaztelekuetan ere, elkartzen direnen adinekoenen artean, lagunartean, gaztelania nagusitzen dela. Gaztetxoenek parkeko jolasetan egiten dute gehien euskaraz, eta Gaztelekuetakoek arauturiko hezkuntzan erabiltzen dute hizkuntza gehien, baita aisialdi antolatuan ere. Haur eta nerabeek euskarazko musika ere entzuten dutela aitortu dute arduradunek, baina telebistan eta tresna digitaletan, dena gaztelaniaz kontsumitzen dute.
Lagunekin eta kalean, orokorrean, gaztelaniaz egiten dute gazteek; familia ingurunean, berriz, etxeko hizkuntza ohituren arabera aritzen dira. Alor horretan erronka nagusia izango da euskara familiengana gerturatzea.
Kike Amonarriz. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria: «Administrazio publikoak eta herri mugimenduak elkarlanean aritu behar dira»
«Urte dezente dira, baina Pasaiako azterketa soziolinguistikoan parte hartzea egokitu zitzaidan behin; beraz, gertutik ezagutzen dut hemengo errealitatea.
Erronka berriak ditugu aurrean, eta hor burura datorkizkit, esate baterako, etorri berriak eta belaunaldi berriak.
Elkar topo egin nahi badugu, guk ere gure posizio eta diskurtsoetatik mugitu behar dugu; kontzeptu eta diskurtso berriak garatu. Ez da berdina gazte elkarte batera edo Pasaiako enpresa handienera joatea euskaraz aritu behar dutela esatera; mezua egokitu beharra dago. Ez dute kontraesanean egon behar, baina desberdinak behar dute.
Ez da erraza garai likido hauetan egitura solidoak sortzea, eta gehienetan gakoa bat da: administrazio publikoak eta herri mugimenduak elkarlanean aritu behar dira. Nik uste herri honetan prozesu horiek nola aurrera eraman ikasten ari garela; hau [bateratze topaketa] izan daiteke horren froga, eta beste bi Euskaraldia eta Korrika bera.
Nire sentsazioa da momentu honetan duela urte batzuk baino askoz ere aukera gehiago ditugula gauzetara jendea bildu eta elkartzeko; jende asko dagoela prest, garai batean baino askoz ere gehiago, baina geroz eta zailagoa dela nukleoak osatzea.
Hor dago koxketako bat: euskararen egoeran eragiteko herri proiektu ilusionagarriak sortu behar dira. Baina nola lortzen da ilusioa? Horri buelta bat eman behar diogu».