[Galeria] Aurten bai, "giroaz eta sagardoaz gozatzera"
Oreretako XXXIV. Sagardo Eguna aurkeztu dute gaur Arramendin, omenaldi eta guzti. Antolatzaileek datorren larunbatean "etxekoekin eta lagunekin une goxoak partekatzera" deitu dituzte herritarrak.
“Bazen garaia”. Hitz horiekin hasi dute Oreretako XXXIV. Sagardo Egunaren aurkezpena. Luzeak egin zaizkie etenaldi urte hauek, baina aurten bai, sagardoaren festa handiak herria hartuko du datorren larunbatean (hilak 30). Antolatzaileek “giroaz eta sagardoaz gozatzera, etxekoekin eta lagunekin une goxoak partekatzera” deitu dituzte herritarrak. Berezia izango da aurtengoa.
12:00etan hasiko da festa, Foru plazan egingo duten lehen txotxarekin. Eguerdian zehar hainbat kale animazio izango dira: dultzainerioak, trikitilariak, dantzariak, bertsolariak… 18:00etan berriz, arratsaldeko txotxaren txanda helduko da, Zumardian. Bertan 37 sagardogileren azken urteko uzta dastatzeko aukera izango da. Edalontzia eskuratzeko aukera egongo da, baina aurten ez dute zapirik banatuko. Hortaz, etxeko armairutik Sagardo Eguneko zapiren bat ateratzeko deia egin dute antolatzaileek.
Herriko elkarte gastronomikoetako eta zenbait eragile elkartu dira gaur Arramendin. Larunbatekoa aurkezteaz gainera, omenaldi berezia egin diete Maria Jexux Ayerza, Iñaki Artola, Nekane Dominguez eta Peio Urreagari. Haiek gabe sagardoaren festa “ezinezkoa” litzatekeela nabarmendu dute gaurkoan, “ezinbestekoak izan direla herrigintzan jarduten jarraitzeko”. “Zuek gabe ez litzateke jai herrikoi maitagarririk izango”, erantsi dute. Oroigarri bana jaso ondoren, sagarrondoak landatu dituzte omenduek.
Ondorengo sagardotegien uzta dastatzeko aukera izango da larunbatean: Alorrenea, Gurutzeta, Petritegi, Oyarbide, Lizeaga, Zapiain, Irigoien, Bereziartua, Eula, Larre-Gain, Goiko Lastola, Altzueta, Otsu-Enea, Astiazaran, Akarregi, Aginaga, Saizar, Urdaira, Aialde Berri, Otegi, Gaztañga, Tximista, Añota, Sarasola, Eguzkitza, izeta, Ordo-Zelai, Baleio, Egi Luze, Donosti, Egiluze Alde, Eluxeta, Uxarte, Oianume, Llinddurren Borda, Cidrerie eta Aizkorreta.
Hona aurkezpenean eta omenaldian HITZAk bildutako hainbat irudi:
