Aitor Conde eta Vanessa Alzaga, garaile San Markon
Conde eta Alzaga izan ziren Errenteriako Atletismo Taldeak antolatzen duen San Markoko igoera mendi lasterketan azkarrenak.
Pandemiaren eraginak baretu diren heinean, mendi lasterketak ere bere osotasunean berreskuratu dira. Atzo goizean Errenteriako Atletismo Taldeak antolatzen duen San Markoko igoera mendi lasterketaren IX. edizioa egin zen. Beraungo Mikel Odriozola zelaian irteera eta bukaera dituen 13,7 kilometroko lasterketak 51 partaide izan zituen, 49 gizon eta 2 emakume.
Gizonetan Aitor Conde lasterkari irundarra izan zen azkarrena 01:04:29 denborarekin. Lehia estua izan zen ohorezko postuetan, eta podiumean izan ziren hiru lasterkariak denbora tarte txikian helmugaratu ziren. Bigarren Andoni Uzkiano altzatarra izan zen 01:04:41 denborarekin, eta, hirugarren, Unai Moriones oreretarra 01:04:51 denborarekin.
Emakumeetan Vanessa Alzaga astigarragarra izan zen garailea 01:31:10 denborarekin. Bigarren eta azken emakumea Belen Salvador hondarribiarra izan zen 01:54:21 denborarekin.