Ciudad Rodrigoko maratoi erdiko taldekako sailkapenean bigarren izan dira Antxoko emakumeak. Bakarka, ere, podiumak hartu dituzte.
Antxotarrak Lasterkari Taldeko emakumeek goren-gorenean utzi dute pasaitarren izena Ciudad Rodrigon (Salamancan, Espainia), emaitza oparoak erdietsi baitzituzten atzo lehiaturiko maratoi erdian.
Aurretik esana zuten taldeka emaitza onak lortu nahi zituztela, eta helburua bete dute. Emakumeen sailkapen orokorrean bigarren izan ziren antxotarrak, Gaztela Mantxako eta Portugalgo talde indartsuekin kemenez borrokatuz.
Bakarkako lanetan, berriz, Ana Cruz lehena izan zen bere kategorian eta laugarren sailkapen orokorrean. Inma Cruz hirugarren sailkatu zen bere kategoriako podiumean. Bi horiek, ordea, ez direla bakarrik egon aitortu dute taldekideek: “Edurne Jauregik eta Josune Cruzek borroka ederra egin zuten emakumeen taldeak emaitza hori lor zezan”.
Aspaldiko partez Euskal Herritik kanpo atera zen taldea lehiatzera igandean, emakume lasterkariak nagusituz. “Pasaiaren eta Antxoren izena harro zabaldu dugu Salamanca inguru honetan”, alaitu dira, “oso pozik gaude lortutakoarekin!”.