Udalak eta Aldundiak etorkizuneko proiektuak partekatu dituzte
Markel Olano Aizpea Otaegirekin bildu da 'Etorkizuna Eraikiz' kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko eta tokiko proiektu nagusiak ezagutzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Etorkizuna eraikiz’ egitasmoa jarri zuen martxan lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko. Egitasmo horren testuinguruan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia herriz herriko bilerak egiten ari da, eta gaurkoan Aizpea Otaegi alkatearekin bildu da ‘Etorkizuna Eraikiz’ kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko eta tokiko proiektu nagusiak ezagutzeko.
Bilera horretan, udalerriko proiektu nagusiak izan dituzte hizpide, baita Badalab hizkuntza eta berrikuntzarako laborategia ere, ‘Etorkizuna Eraikiz’ proiektuaren barruan euskararen biziberritzea eta hizkuntza berdintasuna sustatzeko esperimentazio gune bihurtu nahi den espazioa. Badalabek Errenteria-Oreretako udal liburutegi zaharrean izango du behin betiko egoitza eta ekainean irekiko da. Gaur goizean, udal eta foru ordezkariek, Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendariarekin batera, bisitatu dute eraikin berria. Ekaina bitartean, espazio hori, Torrekua eraikinean dago behin-behinean.
Udalerriko eta udalerriz gaindiko eremuan eragin nahi duten proiektuen artean, ‘Agustinak: lanbide sortzaileen poloa’ ere izan dute mintzagai. Agustinak proiektuarekin 2005. urtean Torrekuarekin lanbide sortzaileen esparruan hasitako bidean, urrats kualitatibo garrantzitsua eman nahi du udalak. Agustinak auzoan kokatua dagoen ikastetxe izandako eraikinak erreferentzia izan nahi du sormenaren, kulturaren eta artisautzaren esparruan ibilbide profesionala edo enpresa proiektua garatu nahi dutenentzat. Gune horrek horretarako baliabideak eskainiko ditu: izan lanerako tokia, aholkularitza eta akonpainamendua, formazioa eta dinamizazioa.
Diputatu nagusiak nabarmendu du “Gipuzkoak pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea” izan nahi duela, eta horretarako, ezinbestekoa dela “lankidetza ildoak estutzea eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea”. Horrekin batera, Otaegik bisita eskertu dio Olanori, eta balioan jarri nahi izan du “herritarren inplikazioak eta gobernantza kolaboratiboak duten garrantzia, parean ditugun erronka handiei aurre egiteko garaian”.
Horrez gain, Otaegik azpimarratu du erakunde arteko lankidetzaren ondorio direla hizkuntza berrikuntzaren esparruan erreferentzia izango den Badalabek udalerrian kokapena izatea edo Agustinak lanbide sortzaileen poloa bezalako proiektu batek aurrera egin dezan baldintzak sortzea.
Herritarrekin batera gobernatzeari dagokionez, alkateak baietsi du demokrazian sakontzeko “Gobernu Taldearen ahalegina etengabea” dela eta aldiro ari direla “urrats berriak egiten, baita ekimen berritzaileak probatzen ere”. Horren erakusle da ausazko demokraziaren esparruan, Aldundiaren laguntzarekin, orain martxan jartzeko asmoa duten proiektua. Erroldatik ausaz aukeratutako 60 herritar gonbidatu berri dituzte bi lantaldetan prozesu batean aritzeko. Batzuek Agintaldirako Plana izango dute langai, eta, besteek, udazkenean egindako auzo batzarretan herritarrek adierazitako kezka nagusiak landuko dituzte. Guztira 13 auzo bilera izan ziren, 500 herritarrek baino gehiagok hartu zuten parte, eta lanketa berri horren bidez, ausaz hautatutako bizilagunak inplikatu nahi dira auzo batzarretan identifikatu ziren herritarren kezken inguruan sakontzeko.
Herritarrei entzuteko beharra
Diputatu nagusiak “gipuzkoarrei entzutea eta haien beharrak, iritziak eta gizartearen proposamenak jasotzea” ezinbestekoa dela eutsi du. Horretarako, ‘Etorkizuna Eraikiz’ kapsula tresna eraginkorra izaten ari da, eta dagoeneko 21 udalerritan eta lau unibertsitate campusetan egon dira herritarren 3.000 ekarpen baino gehiago jasoz. Denbora horretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte hartzailearen prozesuan.
2021eko uztailaren 5ean kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Eotrkizuna Eraikiz’ kapsula Errenteria-Oreretan. Bertan, 2040an Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten galdetu zitzaien herritarrei. Errenteriako kapsulak 72 ekarpen jaso zituen, eta horien artean, ingurumenari, berdintasunari, politikari eta ekonomiari lotutako proposamen eta iritziak nabarmendu ziren. Horrez gain, gazteriaren aldeko politiken beharrarekin, gizarte politiken inguruko proposamenekin, euskararekin, mugikortasunarekin eta osasunarekin lotutako esparruak ere izan zituzten hizpide.
Olanoren aburuz, ‘Etorkizuna Eraikiz’ programari esker, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan: “Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz 2016an proiektu hori abian jarri zenetik, herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu ditugu. Halaber, 32 proiektu esperimental daude martxan, eta bederatzi erreferentzi zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”. Horrez gain, garrantzizkotzat jo du udalerrien eta herritarren parte hartzea bultzatzea: “Gainerako erakunde, enpresa eragile sozial eta, oro har, herritarren parte hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri horri. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko”.