Eider Rodriguezek irabazi du 2021eko 111 Akademia saria
'Eraikuntzarako materiala' bere aurreneko nobelarekin jaso du aitorpena idazleak. Euskal Herriko irakurleek ematen duten saria da, eta ekainean egingo dute hura banatzeko ekitaldia.
[Berria-tik hartutako informazioa]
«Irakurlea etsipenaren eta oroiminaren arteko eremu lausora daraman literatur lan ederra. Idazkera neurtua eta neurritsua. Estilo aparta. Hunkigarria da ikustea zer-nolako eragina izan zuen aitaren heriotzak protagonistarengan, eta zein ondo azaltzen dion hori irakurleari. Sakonera handiko erauzte psikologikoa. Protagonistak bere aita definitzen duen moduan definituko du akaso hainbatek nobela hau: gazia eta mingotsa. Zalantzarik gabe, maisulana». Halaxe laburtu dituzte 111 Akademiako kideek euren urteko saria Eider Rodriguez oreretarraren Eraikuntzarako materiala (Susa) liburuari emateko arrazoiak. Hura izendatu dute iaz argitaratutako libururik gogokoena, eta ekainean jasoko du saria Rodriguezek, jendaurreko ekitaldi batean.
Iazko azaroan aurkeztu zuen nobela idazleak, genero horretako haren estreinako lana. Denbora luzez alkoholarekin arazoak izan dituen gizon baten eta haren alabaren arteko harremana du ardatz, eta askotariko materialak harilkatuz dago eraikita kontakizuna.
Saria zeini eman hautatzeko, hiru bozketa txanda egin dituzte 111 Akademiako kideek —212 dira guztira orain, eta horietako 127k hartu dute parte 2021eko sariduna hautatzeko saioetan—. Azken bueltan, Itxaro Bordaren Euri zitalari esker eleberriaren eta Rodriguezen Eraikuntzarako materiala-ren artean bozkatu dute.
26. edizioa du aurten sariak. Azken urteetan, ondokoak izan dira hura jaso duten idazleak eta lanak: Pello Lizarralderen Argiantza (Erein), Karmele Jaioren Aitaren etxea (Elkar), Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa (Susa), Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa), Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa), Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (Elkar) eta Mikel Peruarenaren Su zelaiak (Susa), eta beste.