Emakumeen Itzuliaren azken etapak Oarso Bidasoa zeharkatuko du
Maiatzaren 13tik 15era egingo dute, estreinakoz, Itzulia Women. Azken etapaz zuzenean gozatzeko aukera izango dute Oarsoaldeko eta Bidasoko kirolzaleek.
Lehenengoz Euskal Herriko Emakumeen Itzulia egingo dute maiatzaren 13tik 15era. Itzulia Women da hiru etapako lehiaren izen ofiziala. Azken etapak, maiatzaren 15ekoak (igandea da), Oarsoaldetik eta Bidasotik egingo du bidearen zati handi bat. Donostian hasi eta bukatuko da itzulia erabakita utziko duen azken saio hori, eta 138.9 kilometrokoa izango da.
Itzuliko azken etapa hori Hernanitik sartuko da Oarsoaldean, arratsaldez (behean dago profila). Hiruetatik luzeena (138,9 kilometro) eta gogorrena da, lau mendaterekin. Perurena aldetik Oiartzunera egingo dute txirrindulariek, handik Errenteria-Orereta joan, eta Lezo nahiz Donibane zeharkatu ondoren Jaizkibel igotzeko. Bigarren mailako mendate hori jaitsita, Hondarribia eta Irun igaroko dituzte lasterkariek, berriz ere Oiartzungo Gurutzera (3. mailako mendatea) joan, handik Errenteria-Oreretara jaitsi, eta Antxotik Donostiarantz joateko. Han, Murgileko mendatea izango dute zain (2. mailakoa da) helmugara iritsi aurretik.
Lehen etapa. maiatzaren 13koa, Gasteiz eta Bastida artekoa da, Araban (105 kilometro). Bigarrenak Mallabia (Bizkaia) herria izango ditu abiapuntu eta helmuga (118,3 kilometro). Hirugarrenak Donostian hasiko du bidea, Oarsoaldea eta Bidasoa zeharkatu ondoren Gipuzkoako hiriburuan bertan bukatzeko.
22 taldek parte hartuko dute, horietako bakoitzean sei kirolari izango direlarik. Sailkapen nagusian goian ibiltzeko aukerak dauzka Bike Exchange-Jayco taldeko Ane Santesteban txirrindulari errenteriarrak.