Hitzekin
Ta berriro egin… Irribarre, izerditu, negar, haserretu, hunkitu, indarberritu, korrika… zurekin.
Urteak aurrera joan ahala erresakak gogortzen eta luzatzen joaten direla esaten dute tabernetako adituek. Erresaka emozionalen inguruan, ordea, ez dut nahi beste entzun. Azukreak, urak edota ibuprofenoak arintzen ez dituen erresaka horiez ari naiz. Hamahiru egun igaro dira aurtengoan, eta oraindik zerbaitek hor dirau. Hamahiru egun Korrika Donostian amaitu zela, hogeita hiru egun Amurriotik abiatu zela. Eta hamabi egun Oiartzundik pasa zela.
COVID-19ak eragindako konfinamenduez geroztik streaming bidezko batzar, hitzaldi, bertso-saio etabarrik ez nuela berriro jarraituko esan nuen. Itxialdiko oroitzapen distortsionatuak berriro ere azaleratzearen eta horretara ohitzearen beldur. Korrikarekin, baina, ezin izan nion tentazioari eutsi. Amurrioko irteera ikusi beharra zegoen, gauero etxera iristerakoan begiratzen nuen non zihoazen, zenbat eta nola. Bakarrik gosaldu ohi dudan arren, zuekin gosaldu nuen goizero hamar egunez.
Bi urtean behin hunkitzen nau Korrikak. 22. aldiz izan da Euskal Herriaren bizkarrezur. Euskarak zeharkatu ditu gure auzo eta herriak, gure mendi eta errepideak, gure zubi eta bideak. Eta bi urtean behin ekitaldi bera errepikatzen bada ere, urtero sortzen du giro berezi bat.
Larunbat arratsaldez txandalean plazara jaisteko bezain berezia. Gurutzetik korrika hasi eta burua altxatzerako Oreretan gaudela konturatzekoa. Ondoan korrika nor daukazun jakin ez, baina irribarre konplize-nekatu-izerditu batekin begiratu eta bide berean zoaztela esaten dizun hori.
Ezin da hitzekin azaldu.
Malko guztiak ez dira zoriontasun malkoak, ordea. Amorru malkoak ere izan ditut oraingoan. Iluntze batean autoa hartu eta gure aletxoa jartzera joan ginen. Herri kanpoaldera korrika abiatu, lehen lerroetara iristen saiatu, eta ez, ez zegoen guretzat lekurik. Pankartako gizonek atzerantza bultzatzen ziguten etengabe, inoiz iritsiko ez ginen mugarria ari zen bihurtzen. Gu aurrera, haiek ukabilarekin espazioa hartu eta gu atzerantza bota, gu berriz
aurrera, beraien ukabilak gero eta zabalago.
Amorratuta, harrituta, etsituta iritsi nintzen etxera. Eta lagun bati azaldu nion gertatutakoa, eta lehen aipaturiko streaming bidezko zuzenekoa ikustera bultza zidan, azter nezan. Eta arrazoi zuen, pankartan beti zeuden gorputz berak. Euskal Herria zeharkatzen du Korrikak, eta hurrengorako erronka kolektibo bat dugu: gorputz guztiak ere zeharkatzekoa. Guztiok tokia izan dezagun.
Korrikalariak ez garenontzat ere, izen ezin egokiagoa da Korrikak duena. Eta ez Euskal Herri luze-zabala zeharkatzeko korrika egin behar dugulako soilik. Euskara indartzea premiazkoa delako, korri egin behar dugu gal ez dezagun eta gal ez gaitzan.
Ta berriro egin Korrika zurekin, arantzak erauzteko elkarren ederrez. Ta berriro egin…