Terrazen ordenantza eguneratu du udalbatzak
Ordenantza berriak terrazetako estalduren baldintzak argitu eta izapideak arinduko dituela sinetsita agertu dira udal arduradunak.
Ordenantza berriak terrazetako estalduren baldintzak argitzen dituela uste dute udal arduradunek. Pasaiako udalbatzak terrazen ordenantzan zenbait aldaketa egitea onetsi zuen azken udalbatzarrean. Horiei esker, besteak beste, bide publikoan egitura mugikorrak eta ainguratu gabeak jarri ahalko dira, edota terrazak estali “oinezkoek irisgarritasuna, segurtasuna eta bide publikoaren erabilera bermatuz”.
Erregulazio berri hau sektoreko ordezkariekin eta Laurak Batekin ostalaritzako mahaian egindako elkarlanaren emaitza da. Oposizioko EH Bilduk 29 zuzenketa aurkeztu zizkion testuari, zeinetatik sei onartu zituen udal gobernuak.
Deuseztatutakoen artean, bat nabarmendu dute bilkideek: “Salatu nahi dugu EAJk, euskararen arduradun den taldea, kontrako bozka eman ziola euskararen presentzia espazio publikoan bermatzeko proposatutako zuzenkizun bati”.
Ordenantza berriak terrazetako estalduren baldintzak argitzen dituela uste dute arduradunek, eta horiei dagozkien baimenak onartzeko izapideak arintzea ahalbidetzen diela ostalariei. Hasierako onarpen horretatik aurrera jendaurreko prozesu bat zabalduko da, alegazioak aurkeztu ahal izateko, behin betiko dokumentua onartu aurretik.
