Txakur jabeen erantzunkidetasuna bilatzeko kanpaina abiatu du Udalak
'Ni arduratsua naiz, eta zu?' kanpainak herri garbi, bizigarri eta osasungarria lortzeko garaian herritar guztiek duten erantzunkidetasuna azaleratzea du helburu.
Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek ‘Ni arduratsua naiz, eta zu?’ kanpaina aurkeztu dute, gauzak ondo egiten dituzten txakur jabeei eskertu eta jabe guztiei euren ardurak gogorarazteko. Gaur goizean eginiko agerraldian, Bernar Lemos Hiri Mantenu zinegotziak azaldu du kanpaina horren helburu nagusia dela herri garbi, bizigarri eta osasungarria lortzeko garaian herritar guztiek duten erantzunkidetasuna azaleratzea.
Kanpaina hori bideratzeko arrazoiak herritarren artean zabalduta dauden, kezka, ardura eta haserretik datoz. Herriko kaleetan askotan agertzen dira txakur gorotzak, eta horrek txakur jabe arduratsuen eta herritarren haserretzea dakar, osasunarekiko kezka piztearekin batera.
Udal arduradunek gogorarazi nahi izan dute txakur jabe gehienek gauzak ondo egiten dituztela, eta txakurrak ondo zaintzeaz gain, euren gorotzak behar bezala jaso eta dagokien edukiontzietan botatzen dituztela. Gauzak horrela, jokabide hori ez izateak isuna ere ekar dezakeela gogorarazi dute, eta 750 eurokoak izan daitezkeela gehitu dute.
Kanpainaren euskarriak
Abiatu berri den kanpainaren jarduerarik nabarmenena herriko 2.500 txakur jaberi zuzendutako gutunen bidalketa izango da. Gutun horrek jabe bakoitzaren ardura azaltzea du helburu. Hori dela eta, gutunak pertsonalizatu dira txakurraren eta jabearen izenekin.
Horrez gain, txakurrak eta bestelako maskotak protagonista diren tokietarako kartel bat prestatu dute. Txakur parke gisa markaturiko zonaldeetan, albaitarien egoitzetan, animalientzako gaiak saltzen dituzten dendetan eta antzekoetan ikusi ahal izango dira kartel horiek. Auzo elkarteen konplizitatea ere bilatu dela zehaztu dute udaleko kideek, eta haiek ere jarriko dituzte kartelak.
Erantzunkidetasun mezu hori zabaltzeko, txakur jabe eta euren maskotak protagonista dituen bideo bat ere osatu dute. Bideo horretan, praktika onak erakusten dituzten pertsonek bestelako jokaera dutenak zuzenean interpelatzen dituzte.
Bideo horretan protagonista diren bi herritar gaurko prentsaurrekoan izan dira, Ainhoa Etxegoien eta Jose Luis Salvatierra. Etxegoienek Taima izeneko txakur bat dauka, eta ondorengo gogoeta egin du txakurra izateak dakartzan ardurez: “Txakurra izateak ardurak dakartza, esaterako, jaten eman, gaixo dagoenean albaitarira eraman eta paseatzera eraman, eta paseo horietan, nire ardura da bere gorotzak jasotzea. Gorotzek ez dakarte ezer onik. Ez dira landareentzako ongarria, eta zapaltzen dituzunean ez dute zorte onik ematen. Gorotzek parasitoak, birusak edota bakteriak dituzte, txakurrengan eta pertsonengan gaixotasunak sortzen dituztenak. Hori dela eta, txakurra duten pertsona guztiei eskatuko nieke gorotzak jasotzea. Gure txakurrak gizartean onartuak izatea nahi badugu, eurak jasotzen hasi behar garelako”.