[Elkarrizketa] "Final nagusi batera iristea nahikoa sari izan da niretzat"
Hil hasieran binakako final nagusia galdu arren, txikitako amets bat bete duela aitortu du oiartzuarrak. Herriko lehena izan da final handi batera heltzen: "Sekulako ohorea izan da".
Hilaren 3ko finala ez zen amestutakoa izan, baina berezia izan zen, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Nire lehenengo finala izan zen, eta haraino iristea nahikoa sari izan da niretzat. Finala ez irabazi arren aurreko asteetan eta partidan bertan bizitakoarekin geratzen naiz. Momentu asko izan dira. Animo asko jaso ditut, oso bereziak izan dira egun horiek. Pena finalean buelta eman zigutela, baina dena den, oso berezia izan zen. Final handi bat jokatzea, herriko hainbeste lagun eta senideren aurrean gainera, ederra izan zen.
Zer sentitu zenuen kantxara ateratzean, hainbeste jende ikustean?
Mikrofonotik zure izena esaten duteneko, une hori, oso berezia da, are gehiago final batean. Frontoia lepo ikustea ikaragarria da. Senide eta lagunentzako ere egun ederra izan zen. Betirako gordeko duten unea izan zen, ez dut sekula ahaztuko.
Behin baino gehiagotan amestutako unea izan zen, beraz.
Pilotaren munduan gaudenentzako final handi batera iristea betidanik amestutako gauza bat da, txikitatik amestu dut une horrekin. Sei urtetatik nabil pilotan, eta beti amestu dut horrelako partida batekin. Ametsa beti da onenen kontra jokatzea. Finalak lanean jarraitzeko indar handia eman dit, gogoz nago datorrenari aurre egiteko.
Partidaren bigarren zatian gainbehera izan zenuten. Zergatik?
Zailak dira horrelako partidak, buelta asko eman ditzakete. Oso ongi sartu ginen partidan Unai [Laso] eta biok, oso txukun hasi ginen. Baina pilotariek beti diogu 22ra iritsi arte lanean segitu behar dela. Pilota berri bat jarri ziguten, Jokin Altuna partidan sartu zen, eta asko aldatu zuen jokoa. Joko horrek pixka bat nahastu gintuen, eta tamalez beraiek irabazi zuten. Baina kirol hau horrelakoa da. Orain lana egitea tokatzen da berriro, ea beste final batera iristeko gai naizen. Hamabost eguneko oporraldia izan dut orain, udari begira pilak kargatzeko, deskonektatzeko.
Lehen oiartzuarra zara final nagusi batera iristen. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Sekulako ohorea da niretzat. Pilotari profesionalak egon dira herrian, baina ez dute lehenengo mailan jokatzeko aukerarik izan. Oiarpek asko eman dio Oiartzuni, eta orain saiatzen naiz txikiei ere laguntzen, ea aukera dugun etorkizunean goi mailako pilotari gehiago ateratzeko.
Senide eta lagunak harro egongo dira, ezta?
Bai, oso. Denentzako momentu polita da bizitzen ari naizena. Momentu eder hauetaz gozatzea tokatzen da orain, une txarrak ere izan direlako. Aitonarekin gogoratzen naiz asko une hauetan, partida hauetan, oso berezia izan baita niretzat. Pilotazale amorratua zen, berak sartu ninduen mundu honetan. Uste dut gustatuko litzaiokeela ni finalean ikustea.
Hortaz, hurrengo erronka, beste final nagusi batera iristea da?
Bai, izan daiteke. Amestutako erronka hori izan daiteke. Orain uda dator, eta atzelarientzako garai onena dela esango nuke. Herriko festa asko datoz, partida asko, eta presio gutxiagokoak gainera. Baina giro oso ona egoten da herriko partida hauetan, pilotalekuak lepo egoten dira. Eta guretzako polita da. Lehenengo helburua udan maila polita ematea da, eta gero-gerokoak, ikusiko da zer datorren.
Herrian babes handia izan duzu hasieratik.
Debutatu nuenetik sekulako babesa sumatu dut, oso maitatua sentitu naiz herrian. Andoni Ugalde oiartzuarrak debutatu zuenetik eta ni neu hasi nintzenetik oiartzuar asko harrapatu dira berriro pilotara. Azkenaldian, gainera, zorte handia izan dut, herrian partida asko jokatu baititut. Beti harmailak lepo egoten dira, eta asko laguntzen nau horrek. Beti amestu dut herrian profesional bezala jokatzearekin, zorionez bete dudan beste amets bat hori izan da.
Eta finalean ere, babesa sekulakoa izan zen.
Ederra izan zen. Pare bat autobus joan ziren Oiartzundik Bilbora, nire kamiseta asko ikusi nituen harmailan, oso polita izan zen. Partida bukatu ondoren afari bat egin genuen Egi Luze sagardotegian. Jendetza etorri zen. Txistulariak, dantzariak, Alaitz eta Maiderren kontzertutxoa… Sorpresa asko egon ziren. Ederki pasatu genuen.
Zer moduz moldatu zara Lasorekin?
Primeran moldatzen gara. Azkenean hemeretzi aste inguru pasatu ditugu elkarrekin. Bizikidetza moduko bat ere bada. Egun osoa pasatzen dugu elkarrekin. Kotxean, bazkaltzen, entrenatzen… Beti esan dut horrelako txapelketa luze batean zure bikotekidearekin ez bazara ongi eramaten oso zaila dela aurrera egitea, eta nik uste zorte handia izan dudala. Momentu txarrenetan animoak eman dizkiogu elkarri. Primeran moldatu gara bikote bezala, eta uste dut hori emaitzetan nabaritu dela.
Zenbait amets bete arren, baduzu bestelakorik kirol honetan?
Nire ametsa honetan ahalik eta urte gehien segitzea da. Pribilegiatu bat sentitzen naiz pilotari profesional izateagatik. Beti amestu izan dudan gauza bat da, eta zorionez kiroletik bizitzeko aukera dut. Gustuko dudan bizitza bat da, eta ahalik eta urte gehien irautea da erronka nagusia. Espero lesioek errespetatzea.
Banakakoan bidea egiteko prest zaude?
Uste dut ezetz. Aurrelariek uste dut zentzu horretan asko dutela irabazita, eta ez bazara atzelari oso ona oso zaila da. Atzelari onenek ere zailtasunak dituzte aurrelari onekin. Uste dut oso zaila dugula, beraz, binakakoan zentratuko naiz.
Zure idoloekin batera eta haien kontra aritzeko aukera izan duzu, gutxik esan dezakete hori.
Orain gaztetxo batzuk etortzen dira sinadura eta argazkiak eskatzera, eta gogoan ditut ni ere hala ibiltzen nintzen garaiak. Berdin ibiltzen nintzen nire idoloekin, Aimarren [Olaizola] atzetik edo Oinatzen [Bengoetxea] atzetik. Mutikoek duten ilusio hori bizitu dut. Egia esan, txikitatik oso pilotazale amorratua izan naiz, partida guztiak ikusten nituen, eta beti pilotarien atzetik ibiltzen nintzen. Aimar, Barriola edo Oinatz bezalako pilotariekin aldageletan egotea, edo bazkari bat egitea haiekin, ikaragarria da. Beraiekin entrenatzea edota haien kontra jokatzea ederra da, sekulako indarra ematen dizu horrek. Eta esan behar dut, nire idolo horiek, pilotari oso onak izateaz gainera, pertsona ederrak direla, asko lagundu baitidate.
Debutatu zenuenetik jada zazpi urte pasatu dira. Nolako bilakaera izan duzu ordutik?
Txiripaz debutatu nuen. Beste pilotari batzuk ari ziren probatzen, eta hor pare bat baja egon ziren, eta probak egin nituen. Hasieran dena berria izan zen niretzat, pixkanaka ikasten joan naiz. Debutatu nuenetik gaurdaino esango nuke esperientzia eta konfiantza lortu dudala nigan. Ordutik, dezente hobetu dudala esango nuke, pisu pixka bat ere irabazi dut, eta primeran etorri zait atzelari bezala.
Garai hartako Ander Imaz, eta oraingoa. Zertan aldatu zara, zein ezberdintasun sumatzen dituzu?
Lehen askoz ere urduriagoa nintzen, zalantzarik gabe. Esperientziak asko egiten du. Lehen, aireko joko gutxi nuen, eta ikasten joan naiz ezkerrarekin hobeto ematen. Gehien kostatzen zitzaizkidan gauzak hobetzen ibili naiz, horretan zentratu naiz. Maila honetan beti hobetzen joan behar baituzu, hori da gakoa.
Zure une onenean zaude, orduan.
Baietz esango nuke. Ez zara egunero final nagusi batera iristen, eta esango nuke konfiantza puntu gorenean nagoela orain. Entrenatzen gustura nabil, eta bai, nik uste nire une onenean nagoela, asko ari naiz kirolaz eta lehiaz gozatzen une honetan.
Zein uste duzu dela arrakastaren gakoa?
Maila honetara heltzeko lan handia egin behar izan dut, eguneroko lana da gakoa. Pilotari guztiok entrenamendu gogorrak egiten ditugu, eta gure buruan asko sinistu behar dugu. Baikorra izatea ere beharrezkoa da kirol honetan.
Estatistikek diote porrotak baino garaipen gehiago dituzula profesionaletan zaudenetik.
Seinale ona da hori. Partidak oso parekatuak izaten dira maila honetan, eta irabazten joatea seinale ona da. Udan ere partida asko daude, gogorrak, eta niretzako seinale ona da horiek jokatzeko aukera izatea.
Pilotari izateaz gainera, monitore ere bazara Oiarpen. Zer erakusten diezu gaztetxoei?
8-9 urte inguru daramatzat hemen jada. Beti pentsatu dut zerbait erakutsi nahi niela haurrei. Txikitatik klubean egon naiz, asko lagundu didate, eta nik ere nire hondar aletxoa jarri nahi izan dut. Deskonektatzeko primeran datorkit gainera, nahiz eta haurrekin ere frontoian ibiltzen garen. Barre batzuk botatzeko eta pilotatik ateratzeko aukera ematen didate txikiekin egiten ditudan saioek. Giro ederra dugu, asko betetzen nau zeregin honek.
Beraz, ia egun osoa pilotari lotuta zaude.
Bai, hala da, baina gustu handiz egiten dut. Goizetan entrenatzen dut, eta astean bitan izaten naiz txikiekin, arratsaldetan. Ederki datorkit haurrekin egotea, lehiatik eta egunerokotik ateratzen laguntzen didate. Eta libre ditudan bi arratsalde horietan pilotatik ateratzen saiatzen naiz, bestelako planak egiten, deskonektatzea beharrezkoa baita kirol honetan ere.