[Erreportajea] Herriko zubiak lotuko dituen giza katera deitu du Sarek
‘Etxerako bidean zubiak sortzen’ lelopean, giza kate hori maiatzaren 7an, larunbata, izango da, 12:30ean Panierreko zubitik. Helburua da ahalik eta zubi gehien betetzea «eta denen artean indarrak batzea».
Sare Herritarra antolatu duen dinamika garrantzitsuena garatzen ari da: Izan Bidea. Horren helburua da Euskal Herriak biztanle adina kilometro osatzea, guztira 3.127.000 kilometro betetzeko euskal presoen eskubideen alde eta espetxe politika baztertzaileen kontra.
Dinamika horren barruan askotariko ekintzak antolatu ditu Sarek. Errenteria-Oreretako Sare Herritarrari dagokionez, euren jarduna duela zazpi urte hasi zutela eutsi dute plataformako kide diren Josu Galarragak eta Elena Mendiak. Urte horietan guztietan iniziatiba asko antolatu dituzte euskal presoen gaia ikusarazteko eta euren jarduna gizartera zabaltzeko. Orain, giza kate bat osatzeko proposamenarekin datoz.
Egitasmo hori maiatzaren 7an, larunbata, izango da, eta helburua da erdialdean dauden zubiak giza katearekin lotzea. Giza kate hori 12:30ean hasiko da Panierreko zubitik, eta hurbilduko den jendearen arabera, zubi gehiago edo gutxiago lotuko dituzte. Horrez gain, lotzen dituzten kilometroak Izan Bidearen aplikaziora igoko dituzte, helburutzat jarri zuten zifrara ahalik eta gehien hurbiltzeko.
Zubien iniziatiba ontzeko landu duten ideia nagusia edo leloa Etxerako bidean zubiak sortzen da, «zubiek jokoa ematen dutelako zerbait lotzeko». «Zubiek lotzen dute, hori da filosofia. Sareren helburua beti izan da ahalik eta jende gehiena batzea, eta guk horrela bideratu ditugu gure jarduerak. Herriko eragileekin etengabeko kontaktuan gaude, eta zubiek lotzeko joko hori ematen digute. Horregatik, presoen etxeratzearen bidean, egoki ikusi dugu zubiak lotzea», baietsi dute plataformako kideek.
Aldarrikapen nagusiak
Urte hauetan aurrera eramaten ari diren dinamiken harira, «indarrak batzea eta gure zereginak sendotzea» nahi dutela argi utzi dute Sareko kideek. Horrez gain, gaineratu dute egun duten erronka nagusia salbuespenezko espetxe politika atzean uztea dela, gehienbat presoen etxeratzean eta graduen berrikuspenean.
Euskal Herriko izaera du maiatzaren 7ko zubien iniziatibak. Oarsoaldean, Errenteria-Oreretakoa da egingo den bakarra.