Errigoraren udaberriko kanpaina, inoizko emankorrena
Oarsoaldeko lau herrien artean 1.482 olio ontzi eta 1.188 kontserba kutxa saldu dira. Horiek maiatzaren 9tik aurrera jaso daitezke.
Nafar Hegoaldeko Uzta Eskutik Eskura kanpainan lortutako emaitzen eta salmenten berri eman du Errigorak. Oro har, Euskal Herrian saldu dituzten produktuen gorakada nabarmena izan da. Oarsoaldean ere antzeman da gorakada hori, eta horregatik, Nafarroako produktuak erosi dituztenei eskerrak eman dizkiete kanpainaren balorazioa egiterako garaian. Salmentekin lortutako diruarekin, Nafarroako hegoaldeko nekazariak lagunduko dituzte, eta aldi berean hango euskalgintzari hauspoa emateko aukera izango dute.
Errigorak eskualdez eskualde egindako salmenten gaineko datuak eman ditu. Bertan, olio ontzien (bost litrokoak dira) eta kontserba kutxen (12 potokoa) zerrenda. Parentesi artean dauden zifrak, 2021eko salmentei dagozkienak dira.
- Lezo: 96 olio ontzi (2021ean 61) eta 112 kontserba kutxa (2021ean 78).
- Oiartzun: 479 olio ontzi (351) eta 400 kontserba kutxa (354).
- Pasaia: 268 olio ontzi (177) eta 209 kontserba kutxa (171).
- Errenteria-Orereta: 639 olio ontzi (455) eta 467 kontserba kutxa (398).
Orain, erositakoa jasotzeko unea iritsiko da. Produktuak eskaera egin den tokian jaso behar dira. Herri guztietan, maiatzaren 9tik aurrera jaso ahal izango dira gaiak, honako tokietan:
- Lezo: Oroitzene AEKn eta Pasaia-Lezo Lizeoaren egoitzan.
- Oiartzunen: Labore Oarson eta Haurtzaro Ikastolan (maiatzaren 12 eta 13an, goizez eta arratsaldez).
- Errenteria-Oreretan: Lau Haizetaran eta Orereta Ikastolako Esmalteriako egoitzan.
- Pasaian: San Pedroko Antxeta elkartean, Antxoko Basari elkartean, Donibaneko Bixi-Bixi elkartean, Trintxerpeko Trintxer elkartean, eta Pasaia-Lezo Lizeoan.
