Izaskun Gomez: "Erritmo onean doa Luzuriagaren erosketa"
Pasaiako Udalak, Luzuriaga bulego-eraikinean Gipuzkoako Foru Aldundiak duen partaidetza, erosiko du.
Gaur goizean, Izaskun Gomez Pasaiako alkatea, Rafaela Romero, Lurralde Antolaketako diputatuarekin bildu da Luzuriaga eraikinaren eskualdatzeaz hitz egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Luzuriagako bulego eraikinaren %6,04ko partaidetza du eta Pasaiako Udalak zati hori erostea adostu dute. Era honetan, Pasaia higiezinaren jabe bihurtuko litzateke. Gomezek adierazi duenez, “Luzuriaga aukera bikaina da Pasaiarentzat” eta herritarren laguntza izan nahi dute. Horregatik, uda baino lehen parte-hartze prozesu bat zabaltzea aurreikusi dute, eraikinaren erabilerak eta edukiak zehazteko.
Rafaela Romerok bere aldetik, “Luzuriagak pasaitarren eskubide sozial eta kulturalei erantzuten” diela eta udalerria biziberritzeko “giltzarri” izango dela nabarmendu du.
Hala ere, bilera hau ez da lehena izan. Aurretik, Kreditu Ofizialeko Institutuarekin (KOI) eta Nafarroako Gobernuarekin bilerak egin dituztela aditzera eman du Pasaiako alkateak.