Asfaltatze lan gehiago Trintxerpen: Ulia etorbidea eta Azkuene goialdea
Bi kaleetako lanak bihar gauean hasiko dira. Uliakoak gutxienez bi egunez luzatuko dira, eta Azkuenekoak gau bakarrean egingo dituzte.
Ulia etorbidean nahiz Azkuene kalearen goialdean zenbait asfaltatze lan hasiko dituzte bihartik etzira doan gautik (asteazkenetik ostegunera, alegia) aurrera. Horra hor Pasaiako Udalak eman dituen xehetasunak:
Ulia etorbidea
Ulia etorbideko 9 eta 13 atarien artean dauden lur gaineko aparkalekuak ezin izango dira erabili bihar gauetik hasita, harik eta lanak bukatu arte. Gutxienez bi egun iraungo dutela aurreikusi dute teknikariek.
Egun horietan, gainera, 22:00etatik 05:00etara bitartean kale osoa itxita egongo da trafikoarentzat. Etorbide horretan (kalean nahiz garajeetan) aparkatuta dauden ibilgailuak ezingo dira, beraz, errepide horretan ibili adierazitako ordutegian, lanean ari diren bitartean.
Azkuene kalea
Uliako lanek Azkuene kalearen goialderako sarbideari ere eragingo diote. Adierazitako gaueko ordutegian, Azkuene kaleko 22 zenbakitik sartu beharko dira auto nahiz motoak, ezarritako behin-behineko seinaleei jarraituz.
Bihartik etzira arteko gau horretan bertan, gainera, Azkuene kaleko goialde hori ere asfaltatuko dute, 36 eta 42 atarien artekoa, zehatzago esanda. Ondorioz, tramu hori ere itxita egongo da zirkulaziorako, eta udaltzaingoak hesitutako eremuan ezingo da ibilgailurik aparkatu. Kale txikietako aparkalekua mantenduko dela ohartarazi dute arduradunek.
Ulia etorbidean gertatuko den bezala, adierazitako gau ordutegian zehar Azkuenen aparkatuta dauden ibilgailuak ezin izango dira erabili bihartik etzirako gauean.