Bakarraiztegiko errekastoa garbituko dute

Garbiketari ekiteko Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntza jaso du udalak. 10 metro kubiko hondakin jasoko dituzte.

Bakarraiztegiko errekastoaren zati bat.

Lezoko Udaleko Ingurumen zinegotzi Joxean Sanchezek (PSE-EE) jakinarazi du Bakarraiztegiko errekastoaren zati bat, Ipintza industrialdetik pasatzean, garbituko dutela. Horren kostua 13.445 eurokoa izango da, eta finantzaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko ditu udalak, 7.553 eurokoa (%56a). Errekastoaren zati hori garbitzeaz gain, bertara isuririk egin ez dadin neurriak hartuko dituzte. Sanchezek iragarri du 10 metro kubiko zabor aterako dituztela handik. Bi metroko altuera duen hesi bat ere jarriko dute 110 metroan zehar.

Sozialisten eledunak jakinarazi du Ipintza industrialdeko eremu hori aldundiaren zabor pilaketa guneen zerrendan zegoela, eta udalaren asmoa izan dela horri irtenbidea ematea. Izan ere, han, inguruko enpresetatik nahiz norbanakoen jardueragatik pilatutako hondakinak daude, hala nola obra hondakinak, altzariak, zurezko eta metalezko piezak.

Sanchezek baikor jaso du aldundiaren laguntza. “Oso garrantzitsua da”, esan du. “Lezoko Udalak irtenbidea eman nahi zion arazo horri, eta horretarako egitasmo bat aurkeztu geunen aldundiko Ingurumen departamentuan”. Ekinbidea udalerriko erreka eta errekastoak berreskuratzeko udal gobernua egiten ari den ahaleginaren barruan dagoela adierazi du sozialistak, eta egun Eugenio Otxoa (Lopenen) kaleko errekastoan egiten ari diren lanekin lotu du.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.