Eskola Kiroleko udaberriko bigarren proban onena eman du marea urdinak
Pasaia Kayak hirugarren sailkatu zen larunbatean Zumaian lehiaturiko ur lasaietako norgehiagokan. Bakarkako lanetan ere fin aritu ziren.
Joan den asteburuan Zumaian lehiatu zen ur lasaietako piraguismoko Gipuzkoako Eskola Kirola programa barruko udaberriko bigarren proba, eta bertan izan zen, berriz ere, Pasaiak Kayak talde pasaitarraren ordezkaritza.
Gaizka Lopezen azkenaldiko emaitzek argi uzten dute sasoi onean dagoela gaztea, eta hori berretsi zuen azken lehian. Bigarrenari 14 segundoko aldea ateraz nagusitu zen Lopez, 13 minutu eta 45 segundoko marka aipagarria lortuz 3.000 metroko ibilbidean. Santigotarrak taldeko Cabezon izan zen hirugarrena, podiuma osatuz.
Oinatz Alonso taldekidea ere fin aritu zen Haurren B kategorian, zilarrezko domina erdietsiz. Gainerako taldekideen artean, aipatzekoa Kimuak B mailan Aitana Etxezortuk egindako lana, bigarren izan baitzen Urdaniz nafarrarengandik 3 segundora.
Top 10ean sailkatzea lortu zuten gainerako ordezkari pasaitarrak honakoak izan ziren: Ander Garcia (9., Kimuak A), Gorka Bravo (10., Haurrak A), Iraitz Izagirrea (4., Haurrak B) eta Oier Lucas (8., Haurrak B). Taldekide guztiek lortutako puntuei esker, Pasaia Kayak hirugarren izan zen taldekako sailkapenean, Itxas-Gain etxeko taldearen eta Santiagotarrak garailearen atzetik, hurrenez hurren.
Hilaren 22an Trintxerpen izango dute Gipuzkoako txapelketa. Dagoeneko buru-belarri ari dira prestatzen.