Bekoerrotako eta Altzateko langileek greba egingo dute hilaren 5 eta 7an
LAB sindikatuak deituta, hainbat mobilizazio egingo dituzte Lezoko kirol guneetako langileek bihar (osteguna) eta larunbatean.
Langileen lan hitzarmena blokeatuta dagoelako, Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate igerilekuko langileek greba egingo dute hilaren 5ean (bihar, osteguna) eta 7an (larunbatean) LAB sindikatuaren ekimenez. Urteak daramate “egoera jasanezinean” lanean, LABetik esan dutenez, eta horri irtenbidea emateko garaia dela uste dute langileek.
Bihar, 10:00etan kalejira egingo dute Altzate igerilekutik hasita, eta 12:00etan elkarretaratzea Gurutze Santuaren plazan. Arratsaldean, berriz, 19:00etatik eta Bekoerrotatik manifestazioa abiatuko dute.
Hilaren 7an (larunbatean) beste manifestazio bat egingo dute, 12:00etan udaletxetik abiatuta.