Ostiralean hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa
Errenteriako taldea palan eta gomazko paletako modalitateetan lehiatuko da txapelketa horretan ostiraletik aurrera.
Ostiralean hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta Errenteriako taldea pala eta gomazko paletako modalitateetan lehiatuko da. Gomazko paletakoek ostiralean jokatuko dute final zortzirenetako joaneko partida, 20:00etan Aiako pilotalekuan. Itzuliko norgehiagoka datorren astean jokatuko dute Agustina Otaolan. Errenteriako taldea Arregik, Izkierdok, Aizkorretak, Bengoetxeak eta Maneirok osatzen dute.
Palan lehiatuko direnek, berriz, maiatzaren 22ko asteburuan jokatuko dituzte Agustina Otaolan final laurdenetako joaneko partidak Tolosaren aurka. Iazko txapelketan txapeldunorde izan zen Errenteriako taldea, eta aurten ere lehiaketa ona egiten saiatuko dira. Errenteriako pala taldea Yorelek, Rubenek, Abelek eta Eskisabelek osatzen dute.
Anatz Pichel, txapeldunorde
EPLEko palista den Anatz Pichel gaztea txapeldunorde izan da federazioen arteko GRABNI txapelketan. Gasteizen jokatu zen gazteen mailako gomazko paletako finalean, Pichelek Larrarterekin batera jokatu zuen Gipuzkoa ordezkatuz. Finalean Nafarroako bikotea izan zuten aurrean, eta 21-25 galdu zuten. Gipuzkoarrek norgehiagoka ona jokatu zuten, eta bukaera arte izan zituzten txapelketa eskuratzeko aukerak.