Touringek autobusak antolatu ditu igandean taldea Aretxabaletan animatzeko
Sarrerak 5 eta 10 euroko prezioan eskuratu daitezke Aterpe Inmobiliarian, eta bihar da sarrera horiek erosteko azken eguna.
Aurreko larunbatean ezin izan zuten igoera lortu, baina Touringeko mutilek eskura dute 3. mailara igotzea. Hiru jardunaldiren faltan zortzi puntuko errenta dute bigarren den Elgoibarrekiko, eta igoera lortzea euren esku dago. Igoera hori igandean bertan lor dezakete Aretxabaletan. Arerio zaila izango dute aurrean, Aretxabaleta sailkapeneko laugarren postuan dago, eta emaitza bikainak lortzen ari da azken jardunaldietan.
Partida igandean da, 16:30ean Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian, eta Touringetik ez dute bakarrik egon nahi, Ibarrako harmailak bete nahi dituzte. Norgehiagoka erabakigarri horretarako, autobusak antolatu dituzte klubetik nahi duenak animatzera joateko. Autobuseko eta partidako sarrerak Aterpe Inmobiliarian eskuratu daitezke 10 euroko prezioan. 18 urtetik beherakoenek, berriz, 5 euroko prezioa dute. Autobusean bidaiatzeko lekuak mugatuak direla zehaztu dute klubetik, eta izena emateko azken eguna bihar (osteguna) da. Autobus horiek 14:45ean aterako dira Zumardiko geltokitik.