Ehungintza eta bitxigintza sortzaileen bildumak, Jantziaren Zentroan
Torrekua eraikineko Habian! hazitegiko lau sortzaileren bildumen erakusketa irekiko da bihar, 11:00etan, Kapitain-etxeko beheko solairuan.
Saioa Matxain, Anne Gajate, Ruben Pantiga eta Ainhoa Ibarguren ehungintza eta bitxi sortzaileak Torrekuan kokatutako Habian! hazitegiko egoiliarrak dira. Bakoitzak bere marka propioa sortu du bertan: SAI-SUO, Anne Gago, KIBo Moda Consciente eta APh, hurrenez hurren. Bihartik aurrera, Kapitain-etxeko Jantziaren Zentroan, marka horien bilduma berriak ikusteko aukera izango da.
Erakusketa Jantziaren Zentroak eta Habian! Fabrika Kreaktiboaren artisau sortzaileekin batera egindako elkarlanaren hirugarren emaitza da. Bilduma hori bihar zabaldu eta aurkeztuko dute lau sortzaileek Jantziaren Zentroan, 11:00etan. ‘Habian!-eko egoiliarren erakusketa’ Jantziaren Zentroko beheko solairuan doan ikusi ahal izango da ekainaren 26a arte, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandetan 11:00etatik 14:00etara.