Habian!-eko egoiliarren erakusketa, Jantziaren Zentroan
Erakusketa eraikinaren beheko solairuan kokatuta dago, eta lau sortzaileen lanak bilduko ditu. Ekainaren 26ra arte mantenduko da zabalik.
Erakusketa Kapitain Etxean dago ikusgai, Jantziaren Zentroan. Goizeko hamaika pasatxoak ziren Jantziaren Zentroak bere erakusketa berriaren aurkezpena hasi duenean. Bertan ziren erakusketaren parte izan diren lau sortzaileak: Saioa Matxain, Anne Gajate, Ainhoa Ibarguren eta Rubén Pantiga.
Aurkezpen orokorra Ainhoa Mendibururen eskutik etorri da, eta gogoarazi du Abian!-ekin egiten duten hirugarren erakusketa dela. Jarraian, sortzaile bakoitzak bere lana azaltzeko tartetxoa izan du.
Saioa Matxainek du erakusketako parte zabalena. Beterana honek dagoeneko sei bilduma ditu, eta Jantziaren Zentroko beheko solairuan dagoen erakusketan bere ibilbidearen bilakaera ikusi ahalko da. Anne Gajatek hitzordu edo egoera berezitarako soinekoak egiten ditu. Denboraldi bakoitzean bilduma berriak sortu nahi dituela jakitera eman du, eta moldarkotasuna bilatzen du bere soinekoetan, hau da, soineko bera modu ezberdinean erabilian izatea gustatzen zaio. Ainhoa Ibargurenek, aldiz, bitxietan du eskarmentua. Zilarrarekin egiten du lan bereziki, baina sarritan osagai naturalak ere erabiltzen ditu. Bere markaren izaera kurbak dira. Azkenik, Rubén Pantiga asturiarrak bere lanaren berri eman du. Sostenibilitatean oinarritzen du bere bilduma. Helburua hondakinak ez uztea dela dio. Bi aste barru Pasaiako Itsas Festibalean ere ikusi ahalko da bere lana, Pasai Donibanen hain zuzen ere.
Erakusketa dagoeneko martxan da eta ekainaren 26ra arte zabalik egongo da. Ordutegiari dagokionez, larunbatetan eta igandetan egongo da irekita. Bi egun horietan goizez egongo da irekita 11:00etatik 14:00etara, eta larunbatetan arratsaldez ere bisitatu ahal izango da 17:00etatik 20:00etara.
Erakusketara herritar ugari gerturatu dira sortzaileei babesa emateko asmoz, horien artean Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea.
