Harrera beroa egingo diete Oiartzunera bizitzera etorri berri direnei
Abaraxka ludotekan bilduko dira, ostiralean, arratsaldez. 131 lagun gonbidatu dituzte, denek gutun bana jaso dute etxean.
Herrira bizitzera etorri berri direnei harrera beroa egingo diete ostiral honetan (hilak 13). Abaraxka ludotekan egingo dute urteroko ekitaldia, 18:00etan.
131 lagun gonbidatu ditu saiora udalak, azken hilabeteetan herrian erroldatu diren lagunei dagoeneko gutun bana bidali diete.
Etorri berriez gain, herrian erroldatuta dauden herritarrek ere parte hartzea “garrantzitsua” dela dio udalak, “herritar eta eragileek askoz naturalagoa egiten baitute harrera eta etorri berrien integrazioa gure herrian”.
Bertako eta urrutiko jaki eta kantuek biribilduko dute harrera saioa, horregatik saiora bakoitzak zerbait eramateko deia egin du udalak. “Egin diezaiegun herriko bizilagun berriei guri egitea nahiko genukeen harrera!”, erantsi dute udaleko iturriek.
