Izan Euskararen Paparazzi
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak laugarrenez antolatu du eskualdeko establezimenduen hizkuntza paisaia indartzeko argazki lehiaketa.
Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren laugarren edizioa antolatu du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Lehiaketaren oinarria da euskara merkataritza eta ostalaritza guneekin hobekien uztartzen dituzten establezimenduen irudiak ateratzea (errotuluak, kartelak, bestelako idatziak…), eskualdeko lau herrietako negozioetan euskararen erabilera areagotzeko bidean, hizkuntza paisaiak duen garrantzia nabarmenduz. Prezio berean, euskaraz! egitasmoaren barrukoa da 2016an lehenengoz egin zen lehiaketa.
Oarsoaldeko Euskara Batzordekoen arabera, epaimahaiko ordezkariek argazkien originaltasuna eta kalitatea baloratuko dituzte, eta aurreratu dute partaide bakoitzak gehienez bost irudi bidal ditzakeela. Hau da, erakusleiho egokiak topatzeaz gain, horien argazki erakargarriak lortu behar dituzte Euskararen Paparazziek. Lehiakide izateko ez dago adin edo bestelako mugarik.
Oinarriak
Argazkiak bidaltzeko epea hilaren 16tik 31ra artekoa da. Bi sari emango dituzte: lehena (400 euroko diru saria Oarsoaldeko saltokietan baliatzeko), eta bigarrena (200 eurokoa, hura ere Oarsoaldeko saltokietan erosketak egiteko). Bi saridunek ekainaren 15etik uztailaren 30era arteko epea dute irabazitakoa gastatzeko. Ekainaren 10ean ezagutaraziko dituzte saridunak.
Bi bide daude argazkiak bidaltzeko. Lehena posta elektroniko bidezkoa da, eta bigarrena Whatsapp-ekoa (688 773 992)