[Galeria] Igande biribila
Xoxolurrek herriko eragileekin elkarlanean antolatutako Oarso Bidasoko Martxa Neurtuarekin ezarritako helburuak bete dituzte.
“Oso ondo atera zen igandekoa. Egun biribila izan zen”. Horra Xoxolur Mendi Klubeko kideek igandeko Oarsoaldeko eta Bidasoko XXXIII. Martxa Neurtuaz egin duten balorazioa. Egun ederra, 300dik gorako partaidetza, haurrak, gaztetxoak, helduak… Eta ibilbide oso erakargarria Lezoko nortasunaren ikur diren hainbat osagairekin: Korri, Xalto ta Brinko; Trapujale, Zirikuak eta Marinazkane; Zabarre; Trabajadoreak Iñaki Labakaren abestiekin… “Beste herrietakoek egun polita pasa zigutela esan digute. Aldi berean, Gipuzkoako Mendi Federaziotik (haien ekimenez egiten dira martxak urtero) ere eskerrak eta zorionak eman dizkigute. Oso pozik gaude”. Dena ondo. Zorionak Xoxolur.
Lezoko mendizaleek elkarlanaren eta inplikazioaren bidea hartu dute igandeko bi ibilbideko martxa neurtua antolatu eta egikaritzeko. “Eskertu nahi ditugu lagundu duten guztiak, baita parte hartzaileak ere”. Aurrera begira ere jarri dira, igandekoaren helburuetakoa baitzen lezoarrak ere mendiarekin engaiatzea: “Helburua bete da. Batez ere lezoarrak animatu nahi ditugu hurrengo mendi irteeretara etortzea”.
Lezoko nortasunaren berri emateko hainbat balio transmititu nahi zituzten Xoxolurrekoek. Lortu dute: mendizaletasuna, herrigintza, euskal giroa, herriko eragileekin elkarlana… Gogoz bete dira aurrera egiteko.
Ondokoak, Xoxolurrek HITZAri emandako hainbat irudi dira, igandekoak.