Oiartzungo proiektua bertan behera utzi du Amazonek
Atzo (hilak 11), proiektua bertan behera utziko duela adierazten duen dokumentua erregistratu zuen udalean multinazionalak. Hortaz, ez du jarraituko Lanbarrenen egiteko asmoa zuen aktibitatearen tramitazioarekin.
Oiartzungo Lanbarrenen Amazon multinazionalak hasteko asmoa zuen aktibitatearen tramitazioarekin ez duela aurrera jarraituko jakinarazi berri du udalak. Izan ere, atzo (hilak 11), proiektua bertan behera utziko duela adierazten duen dokumentua erregistratu zuen udalean enpresak. “Adierazi dute estatu mailako antolaketa eredua birplanteatu dutela eta ez dutela hemengo zentroaren beharrik”, esan dute udaleko iturriek.
Amazonek hartuko zuen partzelaren eta pabiloiaren jabea inbertsio funts bat da egun. Azkenaldian lurraren deskontaminazio lanak egin ditu lurren jabeak, eta dagoeneko udalarekin harremanetan jarri da: jakinarazi dio hainbat garraio enpresak interesa dutela partzelan euren jarduna ezartzeko.
Udalak erantsi du, HAPOaren arabera, eremu horretan soilik jarduera logistiko edo/eta industriala baimentzen dela. “Herriaren garapen industrialaren eta komertzio txikien sustapenean lanean” jarraituko duela adierazi dute udaletik.