[Galeria] Gipuzkoako Trainerilla Ligako azken estropada lehiatu dute
Goizean lehiatu da, Donibanen, ligako azken estropada. Bihar hitzordu berria dute sailkaturikoek: Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa.
Goizean Donibanen lehiaturiko estropadarekin bukatu da Gipuzkoako Trainerilla Liga. Guztira bost jardunaldi izan ditu sasoiak; iazkoak baino bi gehiago.
Gaurkoa, ordea, ez da soilik liga borobildu duen estropada izan; bihar lehiatuko den Gipuzkoako Trainerilla Txapelketarako sailkapen estropada ere izan da. Kategoria bakoitzeko lau onenek erdietsi dute txapela lortzeko lehiarako txartela.
Bosgarren jardunaldia bi kaleetan jokatu da, erlojupeko modalitatean. Bihar, berriz, lerroan egongo dira ontziak, lau kalerekin eta 3.500 metroko distantzia aurretik.
Emakume Gazteetan, Zumaia, San Juan, Hibaika eta Mutriku (hurrenkera horretan) sailkatu dira; kategoria bereko mutilen artean, berriz, San Juan A, Zumaia, San Pedro eta Zarautz (San Juan B eta Hibaika kanpo gelditu dira).
Emakumezko Absolutuetan, Hondarribia A eta B izan ziren Oarso-Bidasoko ordezkari, eta Ama Guadalupekoaren biak izango dira bihar ere uretan. Horrela gelditu da sailkapena maila horretan: Donostia A.L. A, Zumaia A, Hondarribia A eta Hondarribia B.
Gizonezko Absolutuen artean egon da partaidetza handiena. Meritua badu, beraz, Hondarribia A eta San Juan A hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren, sailkatu izana. Aurrean gelditu zaizkie Orio A eta Getaria, eta sailkapenetik kanpo, berriz, eskualdeko beste ordezkariak: San Pedro A, Illunbe eta Hibaika.
Gaur goizeko estropadaren emaitzak hemen klik eginda kontsulta daitezke; ligaren sailkapen orokorra, ordea, hemengo dokumentu honetan. Jarraian, Oarso-Bidasoko trainerillen gaur goizeko zenbait argazki: