Enaren garrantziaren berri emateko, hitzaldia eta irteera

Udalak eta Aranzadik elkarlanean, aurten ere enaren funtzioan sakontzeko jarduerak antolatu dituzte. Horietako bat ostiraleko hitzaldia da.

Olatz Aizpurua Aranzadiko kideak emango du hitzaldia.

Iaz, herriko enaren gaineko ezagutza eta ikerketa lana bultzatu zuen Lezoko Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. 2021ekoaren arrakasta ikusita, aurten ere hegazti horien gaineko jarduerak antolatu dituzte, betetzen duten funtzioaren gainean gogoeta egiteko, eta hori aitortzeko. Altxorra dira. Horri lotuta, herriko enaren gaineko informazioa emateko hitzaldia antolatu dute hilaren 20rako (ostirala) 18:00etan Kultura Aretoan (ordu eta erdi ingurukoa izango da). Hitzaldiaren ondoren, herriguneko enara azpizurien habiak ikustera aterako dira.

Ostiraleko mintzaldian iazko esperientziak emandakoak, datu eta guzti, jakinaraziko dituzte. Horren arduradun Olatz Aizpurua izango da, Aranzadiko Ornitologia saileko kidea. Hegazti intsektujale horiek dituzten arazoez eta babesteko neurriez ere zehaztasunak emango dituzte.

Lezoko Udalaren webgunean, Olatz Aizpuruari egindako elkarrizketa dago. Sartu hemen hura irakurtzeko, eta herriko enaren gaineko informazio gehiago izateko.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.