Goxo-goxo hasiko dute igandea lezoarrek
Munttar Txistulari Taldeak eta Herri Musikaren Txokoko xirolarru jotzaileek diana egingo dute igandean Lezoko kaleetatik.
Igande goiza ezberdina izango da Lezon. Diana berezia izango da herrian, ez oso goiz gainera. 10:00etatik aurrera, Munttar Txistulari Taldeak eta Oiartzungo Herri Musikaren Txokoko xirolarru jotzaileek goxo-goxo zainduko dute lezoarren igande goiza, euren musika partekatuz herriko kaleetatik zehar. “Mendekoste jaietarako beroketa izango da”, azaldu dute Munttarkideek.
Badu ospakizunetik eta aitortzatik zerbait igandeko dianak. Izan ere, Herri Musikaren Txokoak 20 urte bete ditu aurten, eta lezoarrek herria bera eskaini diete euren jardunaren zati baten berri emateko, euskal musika ondarea berreskuratzeko bidean, xirolarruen bitartez.