Lezoko udalekuak: zortzi galdera, zortzi erantzun
Uztailaren 1etik 29ra egingo dituzte Lezoko udaleku irekiak. Horien gaineko informazioa galdera-erantzun sistemarekin laburtu du HITZAk.
Lezoko Udalak jakinarazi du astelehenean zabaldu zela 2022ko udalekuetan izena emateko epea. Hilaren 27ra arte da zabalik epealdia. Iazko esperientzia baikorretik abiatuta, aurten ere izen ematea Internet bidez egitea proposatu du udalak (klikatu esaldi honetan izen emate orrira joateko). Edonola ere, aurrez aurreko formatua ez dute ezabatu: Euskara eta Kultura Sailaren bulegoan egin daiteke izen emate presentziala, astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era.
Udako haurren aisia eskaintzaren hainbat alor ahalik eta argien azaltze aldera, udalak emandako informazioan oinarrituta HITZAk hamar galdera-erantzun prestatu ditu. Honakoak dira:
Norentzat dira udalekuak?
3 urtetik (beteak) 12 urtera arteko haurrentzat (2010etik 2019ra arte jaiotakoentzat, alegia). Haur horiek 2022ko urtarrilaren 1etik gutxienez egon behar dute erroldatuta herrian. Bizilekua aldatu dutenek, nahiz etorkinen familiek ere dute haurrak matrikulatzeko aukera: azken bi kasu hauetan eskatzen den baldintza da haurrak herriko ikastetxeetan matrikulatuta egotea.
Noiztik noiz arte dira udalekuak?
Uztailaren 1etik, 29ra arte.
Zein da ordutegia?
09:30etik 13:30era.
Lanean dauden gurasoen haurrentzat haurtzaindegi zerbitzua izango da?
Bai. Haurren gurasoek 08:30ean utz ditzakete haurrak zerbitzu horretan. Gero, 09:30ean, udalekuetako jarduerekin hasiko dira.
Plaza mugarik al da?
Bai. 200ekoa da plazen muga. Izen emateen kopurua 200ekoa baino handiagoa bada, plazak zozketa bidez esleituko dira.
Matrikula egitean, ordainketa egiteaz gain, agiririk aurkeztu behar al da?
Bai. Osakidetzako txartelaren kopia eta haurraren argazkia eman behar dira.
Eta prezioak?
Honakoak dira:
- Udalekuetan bakarrik izena emateko: 80 euro haur bakoitzeko, eta familia ugariek 60 euro haur bakoitzeko.
- Haurtzaindegi zerbitzua: 53 euro haur bakoitzeko, eta familia ugariek 40 euro haur bakoitzeko.
- Udalekuak+haurtzaindegi zerbitzuaren prezio osoa: 133 euro haur bakoitzeko, eta familia ugariek 100 euro haur bakoitzeko.
Informazioa emateko guraso bilerarik egingo al da?
Bai. Ekainaren 16an da, 16:45ean, Gezala Auditoriumean.