[Elkarrizketa] “Futbolarekin batez ere lagunak egin ditut”
Oarsoaldeko eta Gipuzkoako futbolean erreferentzia izan da errenteriarra azken hamarkadetan. Erretiroa hartu du. Omenaldi eta aitortza ekitaldi artean, futbolak eman diona garbi azaldu du: lagunak.
Futboleko erretiroa hartuko du Jokin Koki Eskisabel Oiarbidek (Errenteria-Orereta, 1955) sasoiaren bukaeran. Txikitatik pasio izan du futbola, eta 42 urte dira Pasaia Kirol Elkartearekin lehenengoz bat egin zuenetik. Azken urteak bertan egin ditu bai entrenatzaile nahiz kirol zuzendari bezala. Eskerrak emateko klubak omenaldia egin zion apirilaren 30ean Don Boscon. Bihar, Antxok omenduko du, 11:00etan Don Boscon beteranoen arteko partida izango delako, eta 14:30ean Ibaiondo pilotalekuan herri bazkaria (Axular tabernan daude salgai tiketak). Lasai mintzo da Eskisabel egindakoaz, sentitzen duelako behar zena behar bezala egin duela. Oarsoaldeko eta Gipuzkoako futbolean arrasto sakona utzi du.
Lanean erretiroa hartzea bai, baina bizitzako pasioa denean ere aparte gelditzea, zaila izango al da?
Bizitzak mugak ditu. Eta egunetik egunera, nire kasuan Pasaia KEn, gero eta ordu gehiago behar dira egin beharrekoak ondo egiteko. Laguntza gehiago behar duzu. Iaz zalantzak izan nituen, uztekotan izan nintzen. Baina elkarrizketa batzuen ondorioz erabaki nuen beste urtebetez jarraitzea. Egun, futbol taldeak aurrera ateratzeko jende gehiago behar da, eta agian beste era batera lan egitea. Aurten bukatuko dut bidea. Faltan botako ote dudan futbola? Ziur baietz. Baina ez da niretzat buruhaustea izango: partidak ikustera joaten jarraituko dut, klubeko lagunekin bazkaritxoak egiten, egunerokoa jarraitzen…
Hainbat arotan, 42 urtez izan zara Pasaia Kirol Elkartean.
Jokalari bezala 22 urtera arte Touringen izan nintzen, eta gero beste hiru urtez Azkoitiko Anaitasunan. Orereta Ikastolan lanean hasi nintzenean, Azkoitira joatea zaila nuen, lana zen garrantzitsuagoa, beraz, Anaitasuna utzi eta Pasaiara etorri nintzen 1981ean, jokalari bezala, lagun batekin. Hiru urte jokalari bezala egin, eta entrenatzaile izateko aukera eman zidaten Pasaian, 28 urterekin. Lesioak izan nituen, lana, entrenatzaile ikastaroa egiten hasi nintzen… Garai hartan, nire asmoa ez zen futbol talde bat entrenatzen hastea, baizik eta Orereta Ikastolan futbola indartzea, orduko hartan eskubaloia zelako nagusi Jose Inazio Altuberen eskutik. Haurrekin argi nuena zen ez zer egin behar nuen, baizik eta zer ez nuen egin behar. Baina Pasaiaren Preferenteko taldea hartzea eskaini zidan Javier Anatol orduko presidenteak, eta hartu nuen. Bost urtez izan nintzen entrenatzaile, eta besteak beste Hirugarren Mailara igo ginen.
Ondoren, Real Unioneko gizonen eta Oiartzungo emakumeen entrenatzaile izan zinen.
Pasaiako bost urte oso on horien ondorena maila handiagokoa zen Real Unionen eskaintza onartu nuen. Baina ez nuen sasoia bukatu. Horren ondoren Oiartzunera joan nintzen, eta zorionez, nire bigarren urtean haiekin lehen liga ofiziala irabazi genuen. Ondoren Euskadiko Federazioarekin aritu nintzen, emakumeen talde nagusiarekin; talde harekin Espainiako Txapeldun izan ginen, eta oker ez banago, federazioaren lehen titulu handia izan zen. Hori guztia bukatuta Pasaiara itzuli nintzen. 2000. urte inguruan izan zen hori. Bertan buru-belarri hasi nintzen, eta besteak beste, 2004an Hirugarren Mailarako bigarren igoera lortu genuen. Gaur arte.
Atotxako azken partidan Pasaia KE izan zen protagonista, zurekin.
Atotxan jokatu zen azken partida 1993-1994 sasoiko Gipuzkoako Koparen finala izan zen. Pasaiak maila bat gorago zegoen Tolosaren kontra jokatu zuen. 1-0 irabazi genuen, Ekain Erkis lezoarraren gol bati esker. Hori ere egin du Pasaiak… Ordutik kirol zuzendari edo entrenatzailearen laguntzaile lanak egin ditut.
Gizonen lehen taldea Hirugarren Mailan, harrobiko jokalari asko… Nola dago egun osasunez Pasaia KE?
Ondo dago. Egia da, talde nagusirako batez ere, jendea lortzea zaila dela. Ezin dugu beste talde batzuekin lehiatu, ez dugu dirurik. 30 jokalarirekin hitz egin behar duzu bost etortzeko. Realarekin dugun hitzarmenaren barruko laguntza oso garrantzitsua da guretzat ordea, bai kirol mailan baita ekonomikoki ere. Herri txiki bateko taldea izanda, ezin gehiago eska. Egia da Preferenteko taldea jaitsi egin dela, baina tira, esango nuke bide egokian dagoela kluba orokorrean.
Pasaiara etor zitezen konbentzitzeko, zenbat kafe hartu dituzu jokalariekin, haien gurasoekin, lagunekin?
Ufa! Ez dakit. Asko. Azken urteetan, maiatzean batez ere, egunero lau-bost jokalarirekin hitz egin izan dut hona etor zitezen konbentzitzeko.
Baina egitura aldetik, talde xumea da Pasaia KE? Zer eskaintzen zenien?
Oso argi dugu ezin diogula inori dirurik eskaini. Beraz, talde nagusirako nahi ditugunei, Hirugarren Mailan gaudela eskaintzen diegu, futbol zelai oso egokia dugula batez ere azken berrikuntza egin zenetik, eta horrez gain fitxak urte batekoak egiten ditugula. Sasoian zehar jokalari batek joan nahi badu, joaten utziko diogu. Zertarako mantendu gustura ez badago? Eta horrelakoak jokalarien artean hitz egiten dituzte, ‘Pasaian ondo tratatuko zaituzte’, esaten diote elkarri. Norbanakoak jokalari bezala baloratzea ongi dago, baina batez ere pertsona bezala baloratzen ditugu datozenak eta dauden horiek. Familia bat gara, askotan hitz horren zentzu zehatzenean, jokalarientzat. Harreman oso estuak sortzen dira klubean. Konfiantza giroa dago.
Apirilaren 30ean Don Boscon egin zizuten omenaldian, zure senideek erdi txantxetan esan zuten futbolagatik familia ospakizun asko galdu dituzula.
Egia da. Zeharo ulertzen ditut. Haserretu egiten ziren. Baina nik esaten nien konpromiso bat hartzen dudanean, betetzen dudala. Erdizka ez dut deus ere egiten. Hori bai, ardura bat hartzen denean ondo pentsatu behar da zertan sartzen zaren. Amaia [Mitxelena] emazteak ongi aski daki hori [barrez].
Errenteria-Oreretako Gaztelutxo baserrian jaiotakoa zara. Nolatan hasi zinen futbolean?
Baserria herrigunetik oso hurbil dago. Nire anai zaharrena ere [Juan Eskisabel] futbol jokalaria izan zen, baita osaba ere. Baserriko lanak bai, baina igandetan beti Lartzabalera joaten ginen Touring ikustera. Idoloak ziren Touringeko jokalariak guretzat. Eta beti futbolean aritzen ginen txikitan, Patxiku kanpan eta horrela. Touringen jokatzen nuenean ere baserriko lanak egitea tokatzen zitzaidan, baita ikasketak ere. Ezkondu nintzenean, askotan esaten dut, hiru joan ginen ezkon bidaiara: Amaia emaztea, ni neu, eta Jose Maria Garcia; beti irratia entzuten izaten nintzen, batez ere kirol esatari hura. Beste adibide bat: ostiral batez ezkondu nintzen, eta igande horretan Touringekin partida jokatzera joan nintzen Tuterara, eta gainera, lesionatu egin nintzen.
Pasaia KEn baduzu erreleboa, beste oreretar bat, Gorka Etxeberria.
Txikitan ezagutu nuen Gorka, baina Orereta Ikastolako ikasle izan zelako eta nik han lan egin nuelako. Ez nekiena da futbolaren munduan sartua zegoenik. Klubaren erabakia izan da, pentsatzen duelako egokiena dela. Urtarriletik ari gara elkarrekin lanean, erreleboa emateko, eta oso ondo moldatzen ari gara.
Zure karrerako unerik gozoena?
Jokalari bezala, Touringekin Hirugarren Mailara igo ginen hura. Anaitasunako jokalari bezala ere maila horretara igo nintzen, baina ez zen gauza bera izan. Touringen gazte-gaztea nintzen, 20 urterekin kapitaina nintzen, nire herriko taldea zen… Oso ederra izan zen. Orduko taldekideekin oso harreman ona mantentzen dut, tartean Alberto Gorrizekin. Entrenatzaile bezala, Pasaia lehenengoz Hirugarren Mailara igo zenekoa dut bereziki gogoan, 1986-1987 sasoian: ez dut behin ere ahaztuko Antxon egin ziguten harrera Zumaian jokatu ondoren. San Ferminetan ez dut uste hainbeste jende kalean ibiltzen denik egun hartan bezala. Kontra, nire esperientziarik mingotsena Real Unionen entrenatzaile izan nintzenekoa da: hainbat arrazoirengatik taldea utzi nuen sasoia bukatu gabe. Oso plaza berezia da Real Union.
Zer da futbola zuretzat?
Lagunak. Kirol arloan borroka asko izan ditut, baina batez ere, lagunak egin ditut futbolean. Zelaian gauza batzuk gertatzen dira, baina hortik kanpo lagunak besterik ez ditut.
Hirugarren Mailara igo da Touringen gizonen talde nagusia. Hori, ona edo txarra al da Pasaiarentzat?
Alde ona da ondoko herriko taldea dela, beraz, ez dela bidaia luzerik egin behar. Gainera, derbia izanda, giro handia egongo da partidetan. Baina eremu txiki batean Hirugarren Mailako bi talde egongo dira, eta orain arte fitxaketak egiteko arazoak izan badira, horiek agian areagotu daitezke, haientzat eta guretzat. Oarsoaldean Hirugarren Mailako bi talde izatea polita, ona, baina zaila da. Zorionez gertatu da, baina ikusi behar.
Nori emango zenizkioke eskerrak?
Beti saiatu naiz direktibekin eta jokalariekin zintzo jokatzen, talde guztietan. Baina orokorrean, oso harreman ona egin dut klubekin, jokalariekin eta entrenatzaileekin. Eskerrak eman? Denei. Futbolarekin batez ere lagunak egin ditut. Eta hori altxorra da.