Gureak enpresako langile bat hil da, bihotzekoak jota
LAB sindikatuaren arabera, heriotza lan erritmo azkarren ondorio izan da. Gureak hornitzailea da, mugikortasunaren sektorean.
Gaur LAB sindikatuak adierazi duenaren arabera, azken 48 ordutan hiru langilek galdu dute bizitza. Horietako azkena, bada, Errenterian jazo da. Gureak enpresako 52 urtetako langile batek bizia galdu du gaur, bihotzekoak jota lanean zebilela. Sindikatuaren arabera, aipatu enpresan lan erritmo altuak dira nagusi, eta erritmo azkartuok dira, LABn ustez, istripu ez traumatikoon iturri nagusienetako bat. Hori horrela, sindikatuak eskainitako datuen arabera 2022an hamar langile hil dira gutxienez Euskal Herrian, lan-istripu ez traumatikoetan; eta hogeita hamar guztira.
Gureak enpresa mugikortasun teknologia eta energiaren sektorearen baitakoa da, eta hornitzaile lanetan dihardu beste enpresa batzuekin elkarlanean.
Gainontzeko bi heriotzak Zamudion eta Iruran jazo dira. LABek lan-istripuok salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera egin du dei. Errenterian, aurrerago zehaztuko dute hitzordua.