Hilaren 24tik 27ra, Lezoko Donibane kalea ibilgailuentzat itxita
Donibane kalean mantenu lanak egin behar direlako izango da itxita datorren asteko asteartetik ostiralera herriguneko karrika.
Lezoko Udalak hainbat mantenu lan egin behar ditu Donibane kalean. Horregatik, herriguneko karrika hori ibilgailuentzat itxita egongo da hilaren 24tik 27ra (datorren asteko asteartetik ostiralera). Beraz, ibilgailuek debekatuta izango dute kale hori erabiltzea.
Dena dela, salbuespenak izango dira. Hala, zamalanetako ibilgailuek Kale Nagusitik sartzeko aukera izango dute Gurutze Santuaren plaza aldera. Kale Nagusia ere erabili ahal izango dute kale horretan garajeak dauzkatenek. Salbuespen horiekin, Kale Nagusia joan-etorrikoa izango da.
Larrialdiren bat izanez gero, Lezoko Udalak jakinarazi du Udaltzaingoari deitu behar zaiola (943 52 40 03). Udalak barkamena eskatu die herritarrei berritze lanek sor ditzaketen eragozpenengatik, “herriaren onurarako lanak dira, eta beharrezkoak”.