Pasaiako areto futbola, igoeraren ateetan
Donibane-Pari Berrik gaur du aukera Euskal Ligara igotzeko. Antxo AFren B taldeak, berriz, bihar du jokoan 2. Mailarako jauzia.
Doniparik partida latza du gaur gauean, etxean, Oiartzunen kontra.
Pasaiako areto futboleko hiru taldeak kategoriaz igotzeko lehian dira. Pari Berri eta Antxo AFko bigarren taldeek dagoeneko jokatu dituzte play-offetako finalerdietako joaneko partidak. Antxoko lehenek, ordea, Espainiako Hirugarren Mailan liga bukatu behar dute oraindik, baina puntu errenta handia dute lehen postua bermatzeko. Halarik ere, dena dute oraindik jokoan: Bigarren Bra igoerako play-offa.
Antxo AFko lehen taldea
Antxo Areto Futbol-Pescados Alberto Ferreresen lehen taldeak aste bukaera gazi-gozoa izan zuen aurrekoa, Gipuzkoako Kopako finalerdietan lehiatik at gelditu baitziren, eta Euskal Kopako finalera helduta, partida galdu zuten. Oraindik, ordea, ezin dute etsi, liga bukatzeko hiru jardunaldi baitituzte aurretik eta Espainiako Bigarren Bra igoera jokoan. Hurrengo partida bihar (larunbata) jokatuko dute Portugaleteko Jarrillerosen kontra, 19:00etan hasita, Donibaneko kiroldegian. Hori berdindu edo irabaziko balute, jada, liga irabaziko lukete duten puntu errentagatik. Hori horrela izanik ere, play-offak jokatu beharko dituzte antxotarrek kategoriaz igo ahal izateko.
Partidaren ondoren, ospakizun afaria egingo dute Antxoko Ibaiondo pilotalekuan, hainbat jarduera osagarrirekin.
Donipari
Donibane Pari Berrik (Donipari) lehen postuan bukatu dute Gipuzkoako Lehen Mailako liga, eta beraz, Euskal Ligara igotzeko norgehiagokan ari dira sanjuandarrak. Joan den ostiralean Oiartzunen kontra jokatu zuten igoerako play-offetako lehen partida Elorsoro kiroldegian, 2-2 berdinduz etxetik kanpo. Itzuliko partida gaur (ostirala) da, Donibaneko kiroldegian, 21:45ean hasita.
Bueltako lehia, beraz, erabakigarria izango du Parik, bi talde horien artean errenta gol handiena duenak soilik izango baitu finalean lehiatzeko, eta, beraz, Euskal Ligara igotzeko aukera zuzena final horretara iritsi, eta garaile bada.
Antxo AFko bigarren taldea
Antxoko bigarren taldea ere Gipuzkoako Hirugarren Mailako azken fasean, igotzeko ateetan dago. Play-offetako joan-etorriko lehen lehia, etxean, 6-1 irabazi zuten, DAD Kutxaren kontra, joan den ostiralean. Bueltako partidan (bihar, larunbata, 16:30ean Lasarte-Oriako Michelinen), beraz, gol sorta hori izango dute alde. Gipuzkoako Hirugarren Mailako bi onenak (finala jokatzen dutenak) igoko dira Bigarren Mailara datorren sasoian.
