[Elkarrizketa] "Ederra da ariketa fisikoa egitearekin batera lagun taldeak sortzea"
Kirol Orientazio Zerbitzuko (KOZ) arduradun bezala lehen urratsak egiten ari da gazte donostiarra. Nabarmendu du lezoar orori zabalik dagoela KOZ, izan adineko, heldu edo gazte. Pertsonak aktibatzea da haren xede nagusietakoa.
Lezoko Udaleko Kirol Orientazio Zerbitzuak arduradun berria du, Maddi Market Ferran 22 urteko donostiarra. Bai akademikoki (Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietan graduatua da, eta DBHko irakasle izateko masterra bukatzear da), baita kirol esperientziari dagokionez ere prestakuntza osoa du: «Txikitatik kirolzale petoa naiz. Gurasoak ere Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietan graduatuak dira. Betidanik izan naiz kirolari, kirol askotan ibilitakoa». Orain, kirol errendimenduko ikuspegia nahiz osasunarekin lotutakoa uztartzen ari da, «jarduera fisikoaren osasun aldea lantzea aberasgarriagoa egiten ari zait».
Lezoko Udaleko Kirol Saileko Kirol orientatzaile berria zara. Zein da zure zeregina?
Kirolean edo jarduera fisikoan hasteko beharra dutenei laguntza ematea da, oro har, nire lanaren oinarria. Nola edo zerekin hasi esaten diet, hainbat aukera ematen dizkiet, izan jada herrian den aukera baten berri ematen, edo arreta pertsonalizatuago batekin. Jarduera fisikoa egin nahi dutenei eta osasuntsuago bizi nahi dutenei laguntza ematen diet.
Izan ere, Lezon badira talde arloan egiten diren jarduerak.
Tipi-Topa, Metrominutu, soinketa saioak, aisia guneetako ariketa fisikoa egiteko aparatuak… Badaude taldeka egin daitezkeenak, eta horiek Arkaitz Angiozar Kirol teknikariarekin elkarlanean aurrera eramaten ari naiz.
Aipatutako jarduera horiek, ordea, askok lotzen dituzte adinekoei begirakoak izango balira bezala. Baina ez da horrela, ezta?
Muittu Lezo dinamikaren barruko egitasmoak, eta Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) bera, adin guztietako lezoarrentzat begirakoak dira. Adibide bat: emakume korrikalarien taldea ere martxan da, eta hori ere KOZetik bideratu da Maialen Pikabea arduradun duela. Taldeak herrian zegoen gabezia bat bete du, eta bertan adin ezberdinetako emakumeak daude. Gainera, azken aldian emakume askok bat egin dute egitasmoarekin, beraz, funtzionatzen ari da.
Ariketa fisikoa eta osasuna bakarrik ez. Proposamen horiekin beste herritarrekin harremana egiteko aukera ere dute lezoarrek, sozializatzekoa alegia.
Bai. Azken batean, ariketa fisikoa egiteak harremanak indartzea ekar dezake. Eta igarri dugu. Gure programaren xedeetakoa da sedentarioa den pertsona bat aktibo bihurtzea, eta horretan harreman sozialek asko laguntzen dute. Norbanako bati proposatutako jarduera gimnasiokoa bada, adibidez, saiatzen gara gimnasioko monitorea eta kideak aurkezten. Hau da, taldeka ez diren jardueretan ere saiatzen gara pertsonen arteko kontaktua bilatzen. Taldekakoetan, noski, berezkoa da harreman sozial hori, eta ederra da ariketa fisikoa egitearekin batera lagun taldeak sortzea.
Nola iristen zaizkizu norbanakoak aholku eske?
Osasun zentrotik bideratzen dituzte herritarrak nigana, baita udaleko Gizarte Zerbitzuetatik ere. Ikastetxeetatik ere iristen dira gazteak. Nik haiekin hitz egin, eta egokien izan daitekeen proposamena lantzen dut.