[Bideoa] Antxo AFren festa betea asteburuan
Areto futbol klubaren lehen taldeak Hirugarren Mailako Liga irabazi du; bigarren taldea, berriz, Gipuzkoako Bigarren Mailara igo da.
Antxo Areto Futbol-Pescados ALberto Ferreres taldeak ezin dio gehiago eskatu pasa den asteburuari. Arrakasta bikoitza lortu dute senior kategoriako bi taldeek. Batetik, lehen taldeak Donibanen irabazita Espainiako Hirugarren Mailako liga bere egin du, nahiz eta oraindik liga hori bukatzeko bi partida falta. B taldeak, ordea, Gipuzkoako Bigarren Mailarako jauzia egin du, igo egin da: Lasarte-Oriako DAD Kutxa taldearen kantxan 4-4 eginda, joaneko partidako abantaila (6-1) probestu zuten zuri-gorriek play-offa irabazteko.
Lehen taldearena festa handia izan zen. Lehenik eta behin, etxean Portugaleteko Jarrilleros taldearen kontrako partida irabazi zuten, 6-4. Aspaldi bizi gabeko giroa izan zen Donibaneko kiroldegian jokatu zen partida. Han zeuden, aldi berean, igoera lortu berri zuten B taldeko jokalariak, ospakizun betean haiek ere. Kiroldegian garaipena afizioarekin ospatu ostean, Antxon bertan jarraitu zuen festak, Ibaiondo pilotalekuan dozenaka jarraitzaile bildu zituen herri bazkaria egin baitzuten. Klubaren arduradunak, jokalariak eta zaleak denak bat.
Orain, Antxo AFren lehen taldeak liga bukatzeko falta zaizkion bi partidak jokatu behar ditu. Hori eginda, Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko lehen urrats bezala bere multzoko laugarrenaren kontrako play-offa jokatu beharko du.
Bigarren taldeak, berriz, Hirugarren Mailako finala jokatuko du, Lezoko Jaixkiren kontrako eskualdeko derbian.
Jarraian, larunbat gauean egin zuten herri afariaren hainbat irudi, eta Antxo AF Bren ospakizunaren nahiz Antxo AF Aren afarirako iritsieraren bideoak.