Arramendiko 40 familien babesgabetasuna salatu dute
Jaureguizar enpresak jakinarazi die "etxebizitzak erosi ezean, hustu beharko dituztela, inongo bizitoki alternatibarik gabe utziz".
Gaur, maiatzak 24, agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza Batzordean Errenteria-Oreretako babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunek eta Kaleratzeak Stop plataformak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos IU-k eskatuta.
Agerraldi horretan, Errenteria-Oreretako BOEetako “40 familia apalek duten babesgabetasuna” salatu dute. Maizter horien kontratuak bukatuta edo bukatzear daude, eta Jaureguizar enpresak jakinarazi die “etxebizitzak erosi ezean, hustu behar dituztela, inongo bizitoki alternatibarik gabe utziz”.
BOEetako bizilagunek azpimarratu dute “40 familia apal horietako gehienek” ezin dutela etxebizitza erosi babes ofizialeko etxebizitzen prezioan “adinagatik, likideziarik ezagatik edota baliabide ekonomikoengatik hipoteka mailegurik” ezin dutelako izan. Haien egoerak alokairuaren merkatuko prezioak ordaintzea ere “galarazten” die, Errenteria-Oreretan hileko 850 euro inguruko prezioak dituztelako eta alokairu sozialeko beste etxebizitza bat eskuratzea “ia baliogabea” delako, “Etxebiden eskatzaile gisa duten antzinatasun osoa galdu” dutelako. Ondorioz, bizilagun horiek “ez dute etxebizitza alternatibarik eta Jaureguizarrek etxegabetze demanda jar diezaieke kontratua bukatzeagatik”.
Errentatzailearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioek, Errenteriako Udalaren bitartekaritzarekin, “bere horretan” jarraitzen badute ere, zehaztu dute “oraingoz” enpresak ez duela onartzen abenduaren 7ko 2021/6319 agindua. Agindu horren bidez, “Eusko Jaurlaritzak 15.000 euroko diru laguntza emango lizkioke 10 urtez alokairu babestuak mantentzen jarraitzearen truke”. “Ezezko horrek bere horretan” jarraitzen badu, Arriola sailburuari maiatzaren 5ean bidalitako idazkian eskatu zioten moduan, “lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea exekutatzeko eta maizterrek ordaindu ezin dituzten etxebizitzak erosi eta alokairu sozialetara bidera ditzan, Jaureguizarrek jar ditzakeen etxegabetze demandak saihesteko” eskatuko diote berriro.