"Jaizkibel militarrek gabe", hilaren 27an eta 29an
Jaizkibelgo eremu militarra deusez dadin eskatzeko pintxo potea egingo dute ostiralean, eta zazpigarren martxa igandean.
“Jaizkibel militarrik gabe” nahi dutela aldarrikatzeko, aurtengoan bi hitzordu prestatu dituzte Lezoko eragileek, hilaren 27rako eta 29rako, hau da, ostiral eta igande honetarako. Lehenik eta behin, hilaren 27an pintxo pote antimilitarista egingo dute Txerrimuñon (20:00etan hasita), eta 29an (igandea), berriz, urteroko martxari ekingo diote. Gatazka militarrek sortzen dituzten aberastasunen gaineko gogoeta ere egingo dute, “gerra negoziorik ez”.
Azken urteetan bereziki babes handia lortu du Jaizkibelgo eremu militarrera egiten den martxak. Aurtengoa hilaren 29ko 10:00etan aterako da Lezoko plazatik. Zazpigarrena da, eta Oarsoaldeko orotariko eragileen babesa izango du azken urteetan bezala.
Eremu militarra ezabatzearen alde daudenek, hainbat arrazoi zabaltzen dituzte euren iritziari indarra emateko: batetik, Jaizkibelek erabilera publikorako izan behar duela osoki, militarrek eragin dezaketen eragozpenetatik at; bestetik, maniobrek mendian kutsadura eragiten dutela azaldu izan dute antimilitaristek, “ejerzitoak mendiari ematen dion erabilera ez dator bat herritar ugarik gure aisiarako erabiltzen dugun mendi publikoaren kontserbazio planekin, zein Natura 2000 sarearen parte da bere fauna eta landareria bereziagatik”. Azken bi horiekin lotuta, gogoeta orokorra egiten dute: “Gastu militar itzela”, gizarte zereginetarako baliatzea eskatzen dute.