Ekialdebuseko langileek greba egingo dute, "hitzarmen duin baten alde"
Pasaiako Itsas Jaialdiaren harira hartu dute erabakia, enpresari eta bereziki aldundiari "abisu argi eta zehatza bidaltzeko" asmoz. Bihar hasiko dute greba, igandera bitarte.
LAB eta UGT sindikatuek deituta, Ekialdebuseko langileek greba hasiko dute bihar (hilak 26), hiru egunez protesta egitea erabaki baitu enpresa batzordeak, gehiengoz. Bihartik igandera bitarte luzatuko dute protesta: bihar 15:00etatik 00:00etara planto egingo dute lehenik, eta ostiraleko 15:00etatik igandeko 23:59ak bitarte ere greba egingo dute. Gaur protesta egin du enpresa batzordeak, aldundiaren parean.
Pasaiako Itsas Jaialdiaren harira hartu dute erabakia, enpresari eta bereziki aldundiari “abisu argi eta zehatza bidaltzeko” asmoz. “Denbora asko daramagu gutxieneko lan baldintzak biltzen dituen Hitzarmen bat negoziatzen. Ordu gehiegi lan egiten ditugu. Lan egunak amaiezinak dira, eta horrek esan nahi du langileen eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan dagoela”, esan dute enpresa batzordeko kideek.
Aldarrikapenen artean, besteak beste, bederatzi ordu baino gutxiagoko jardunaldia, urtean gutxienez hamazazpi asteburu izatea “gure familiekin bateratu ahal izateko” eta urteko lanaldia murriztea” eskatuko dute. Finean, “lan baldintza duinak” exijituko dituzte.
Aldundia garraio publikoaren zerbitzua alde batera uzten urte asko daramatzala erantsi dute, ez dituela behar beste baliabide ematen. Zerbitzua “utzikeriaz” kudeatzen duela diote, eta ez duela bere gain hartzen gertatzen denaren erantzukizuna.
“Ez dugu onartuko gure lan baldintzak gero eta prekarioagoak izatea, eta enpresari eta aldundiari eskatzen diegu ahalegin guztiak egin ditzatela denborarekin larriagotu baino egingo ez den egoera bat saihesteko. Hitzarmen duin bat lortu arte ez gara geldituko”, erantsi dute.