Arma, tiro, pun!
Udalekuetako haurrak ginen Jaizkibelera egin genuen txango hartan. Lezotik abiatu ginen oinez, Iparragirreko depositutik gora egin, lehenengo torreoian atseden hartu eta errepidea gurutzatuz itsas alderago jotzeko asmotan. Lagunartean kantu-kontari gindoazela, urrunetik egin digute garrasi. Militarrak dira eta armatuta daude. Zoratuta ote gauden galdetu digute, maniobrak egiten ari diren bitartean tiro eremuan omen gaude, arrisku bizian. Argi gogoratzen dut beldurrak eragin zidan kakalarria, manifestazioen erdian suertatzen ginenean edo albistegietako berri ilunen aurrean pizten zitzaidan gorputzaldi huraxe bera. Zoratuta ote ginen galdegin ziguten, nork eta militarrek, nori eta guri, herriko haurrei.
Gerora ere jarraitu dugu aspaldiko hamarkadetan Espainiako armadaren esku egon den mendi inguru zabal hartara joaten, handik pasatu beharra baitago hain kuttuna dugun Azabaratzako kostara ailegatzeko. Memoria dugunetik gogoratzen ditugu militarrak kamionetetan herria gurutzatzen, munduko gauzarik naturalena balitz bezala, eta naturaltasun berberarekin segitu dugu bizilagunok eremu debekatua erabiltzen.
Jaizkibelgoa ez da ez gertu daukagun leku militarizatu bakarra. Nafarroako Erriberan dago Europako entrenamendu gune nagusia: Bardeako tiro eremua. 1951tik NATOko kideek han probatzen dute munduko gatazka armatuetan erabiliko duten munizioa. Afganistanen, Sirian edo Ukrainan lehertu diren bonbak gure lurretan probatuak izan direla, alegia. Tiro eremuetako burrunbek, Erriberakoek zein Jaizkibelgoek, gudako orroekin egiten dute oihartzun.
Kontua ez da hor bukatzen. Gerra hemen hasten da dokumentalak azaleratu bezala, Euskal Herriko zein Espainiako enpresetan ekoitzitako armek zibilak hil izan dituzte Sirian edo Yemenen, hemengo langileen eskuetatik igaro eta karga Bilboko portutik atera eta gero. Gasteizkoak talde antimilitaristaren arabera, Euskal Herriko ehun bat enpresak dute nolabaiteko harremana armagintzarekin. Gainera, aldez edo moldez, enpresa horietan nahastuta daude gure diru apurrak gordetzen dituzten bankuak ere. Ironietan makabroena, ordea, zergetan joaten zaigun diruaren patua iruditzen zait: helburu sozialetarako diru-partiden ondo-ondoan, Estatuak armada eta segurtasuna finantzatzeko erabiltzen dituenak daude. Kalkulatzen da Espainiako Estatuak urtean 43.000 milioi euro xahutzen dituela gastu militarrean, pertsona bakoitzeko 900 euro inguru. Gerraren negozioa egiteko erabiltzen dituzte gure sosak, aurpegiera inozentez.
NATOk BPGaren %2tik gora gastu militarrera bideratzeko eskatu die aurten bertan estatu kideei; gaur-gauzkoz Espainiak %1,17 erabiltzen du xede horretarako eta Frantziak, berriz, %1,84. Bestalde, gobernu arteko aliantzak Ukrainara armak bidaltzeko erabakia hartu du berriki, inbasioari aurre eginez bakea erdiesteko. Baina ez ote du gatazkan dauden herrialdeetara armak bidaltzeak gerra are gehiago hauspotzen? Gizartea oro har bakezalea izan arren, erantzun armatua justifikarazten duten irudi eta diskurtsoek bakearen aldeko jarrera lausotzen dute.
Eskuak zikin ditugu, zeharka bada ere, eta ezinbestean alternatibak ari dira sortzen: geroz eta jende gehiagok egiten du banka etikoaren aldeko hautua edo armagabetzen ditu zergak urteko errenta aitorpenean eragozpen fiskala eginez. Desobedientziaren eta aldarrikapenaren bidetik etorriko da aldaketa, etorriko bada. Maiatzaren 29an, urteroko martxa antimilitarista egingo da gurean, Jaizkibel Militarrik Gabe taldeak deituta. Lezoko plazatik Jaizkibelgo eremu militarrerainoko bidea eginez aldarrikatuko dugu ez dugula presentzia militarrik nahi ez gure bailaran eta ez inon, bakea ere hemen hasten delako, etxean bertan.